Erretiroa hartzear da Ion Izagirre ziklista (Cofidis), baina sasoi onean dago oraindik, beste behin erakutsi duenez. Hark irabazi du Marco Pantani Oroimenezkoa, Italian, esprintean nagusituta —hogeigarren garaipena du profesionaletan—. Haren atzetik sailkatu dira Giulio Pellizzari (Red Bull) eta Mikkel Frolich Honore (Education First).
Amaiera estua izan du lasterketak. Izagirre, Pellizzari, Honore eta Michael Storer (Tudor) elkarrekin iritsi dira azken kilometro erabakigarrietara, eta orduan hasi da eraso festa.
Bost kilometroren faltan, erritmoa bizitu du Storerrek, eta lasterketa hausten saiatu da, baina ez du lortu. Honorek egin du saiakera gero, baina ondo eutsi diote aurkariek. Eta Pellizzarik egin du azken ahalegina. Hori ere ezerezean utzi dute, eta, azkenean, esprintean erabaki da. Hain zuzen, Izagirrek berak abiatu du esprinta. Bizi-bizi eragin die pedalei, eta aurkariek ez dute lortu hura harrapatzea.
Horiek horrela, profesionaletan hogeigarren garaipena lortu du gipuzkoarrak. Ibilbide oparoa ari da osatzen, eta hainbat lorpen ditu nabarmentzekoak: Euskal Herriko Itzulia 2019an, bi etapa Frantziako Tourrean —2016an eta 2023an—, etapa bat Italiako Giroan —2012an—, eta etapa bat Espainiako Vueltan —2020an—.
BERRIAri emandako azken elkarrizketan, hauxe esan zuen Izagirrek erretiroaz galdetzean: «Iritsi da garaia, eta zera nahi dut, azken denboraldi honetaz gozatu. Duin aritu eta gero utzi nahiko nuke txirrindularitza, lasterketetan eta etxeko entrenamenduetan gustura sentituz». Bada, duin eta gustura bakarrik ez, irabazten ere ari da.Â