Azken urteetan profesionaletan garaipen gehien lortu duen euskal txirrindulari batek alde batera utziko du bizikleta 2026ko denboraldia amaitzean: Ion Izagirrek (Ormaiztegi, Gipuzkoa, 1989). Aurten hamabosgarren denboraldia amaitu du ormaiztegiarrak txirrindularitzaren maila gorenean, eta hamaseigarrena amaitu ostean txirrindularitza profesionala utziko du. Frantziako Cofidis taldean egin ditu azken lau denboraldiak, eta azkenengoa ere bertan egingo du.
Cycling Report hedabideari baieztatu dio albistea Izagirrek berak. Azaldu du erabakia hartua duela, familiarekin hitz egin ostean, eta bere ingurukoek jada bazekitela. Horrez gain, informazio horren arabera, taldeari eskatu dio ez dezala Frantziako Tourrera eraman.
Ikusi gehiago
Bizikletaren munduan txikitatik ibilia da Izagirre, anaia Gorkarekin batera (Ormaiztegi, Gipuzkoa, 1987), bien aita, Jose Ramon Izagirre, txirrindularia ere izan baitzen. Aita, besteak beste, Espainiako txapeldun izan zen ziklo-krosean. Ionek Orbea taldean hasi zuen ibilbide profesionala, 2009an, eta handik bi urtera, 2011n, World Tourrean debuta egin zuen. Ez zuen denbora askorik behar izan emaitza onak lortzeko: World Tourreko bigarren denboraldian etapa bat irabazi zuen Italiako Giroan.
Handik aurrera, eskalatzaile moduan ibili zen hoberen Izagirre, baita erlojuaren kontra ere. Bi aldiz izan da Espainiako txapeldun erlojuaren kontra (2016an eta 2021ean), eta iraupen proban ere irabazi zuen txapelketa bera (2014an). Baina 2016tik aurrera lortu zituen garaipen garrantzitsuenak. Urte horretan ederki aritu zen aste bateko itzulietan: Erromandiako Itzulian etapa bat irabazi zuen eta Suitzako Itzulian beste bat. Baina Frantziako Tourrean iritsi zen lorpenik garrantzitsuena, euripean jaitsiera bikaina egin, eta, Vincenzo Nibali atzean utzita, etapa irabazi baitzuen. Geroago, 2023an, beste etapa bat irabaztea lortu zuen Frantziako Tourrean.
Euskal Herrian, txapela
Baina 2019an lortu zuen bere ibilbideko garaipenik handiena eta esanguratsuena: Euskal Herriko Itzulia irabazi zuen. 2003. urtean irabazi zuen euskal txirrindulari batek azkenengoz Euskal Herriko Itzulia: Iban Mayok. Horren ostean, Beñat Intxausti eta Mikel Landa txapela irabaztear izan ziren, baita Izagirre bera ere, baina 2019. urtean lortu zuen Izagirrek txapela Euskal Herrian geratzea. Daniel Martin eta Emanuel Buchmann utzi zituen atzean podiumean.
Ikusi gehiago
Azken urteetan gutxiagotan altxatu ditu besoak Izagirrek helmugako lerroan, baina urtero irabazi du zer edo zer. Espainiako Vueltan, etapa batean garaile izan zen 2021ean; Euskal Herriko Itzulian, etapa bat irabazi zuen 2022an eta beste bat 2023an; eta Frantziako Tourrean 2023an etapa bat lortzeaz gain, Miguel Indurain saria ere irabazi zuen, 2016an bezala. Hiru itzuli handietan etapa garaipenak dituen bost euskal txirrindularietako bat da —eta, oraingoz, hiruko hori lortu duen azkena—, baita Euskal Herriko Itzulian podiumera aldi gehienetan igo den ziklista ere, Alberto Contadorrekin batera —sei aldiz igo dira podiumera; espainiarra, hori bai, lautan lehen tokian igo zen—.