Juanma Garate

Ipuinak ez du izan amaiera alaia

Txirrindulariak erretiroa hartzea erabaki du, baina ez du izan espero zuen agurrik. Hamalau hilabete egin ditu lehiatu gabe Belkin taldearekin izandako lan auziaren erruz eta epaiketa gogorrak jota utzi du.

Imanol Magro Eizmendi.
2014ko abenduaren 23a
00:00
Entzun
Ez nuen horrelako agurrik merezi. Azken urtea oso gogorra izan da. Nik errepidean esan nahi nuen agur, eta ez orain». Juanma Garatek alkandora eta praka bakeroetan hartu du erretiroa. 15 urteko ibilbidearen ondoren, eta oraindik pedalei eragiteko moduko planta izan arren, elastikorik gabe esan du agur. Hamalau hilabete egin ditu lehiatu gabe Belkin taldearekin duen lan auziaren erruz, eta epaiketak sorturiko «nekeak» erretiro eguna aurreratu dio. Dena den, agurra ez da izan bakarrik salaketa saltsak sortu dion antsietate egoerarengatik. «Nire ordua iritsi da. Asko lehiatu naiz nire ibilbidean, eta horrek higatu egiten zaitu. Halere, beste urtebetez iraun ahalko nuela uste dut».

Etxekoak aurrean zituela, eta bere kirol ibilbidea «San Miguel auzoan, Irunen», hasitako «ipuin» batekin alderatu ondoren «azaldu» zuen egoera Garatek, atzo. Berak esan zuen moduan, agurraren albistea ezaguna zelako. Belkin taldearekin izandako lan auzia «oso gogorra» izaten ari dela onartu zuen, eta erretiroa hartu badu, «buru osasunaren mesedetan» izan da. Epaiketa, gainera, oraindik ez da bukatu, «eskatu dudan zerbait da. Langile eta enpresa baten arteko liskar bat da».

Garatek 2013ko Espainiako Vueltan lehiatu zen azkenekoz. Harrezkeroztik kontratua izan du Belkinekin, baina Gizarte Segurantzako kotizazio motarengatik izandako liskarren erruz ez da lehiatu. Garatek auzitara eraman zuen taldea, eta atzerriko taldeetan korritu duten txirrindulari askok Gizarte Segurantzako kotizazioetan duten gabezia publikoki salatu. Kotizazioen auzia irabazi zuen Garatek, eta taldeak apirilean eman zuen haren izena UCIn. Halere, urte osoan baztertuta izan dute, eta ez dute lehiatzeko deitu. Soldaten egoera argitzeke du oraindik, baina ez da damutu salaketa jarri izanaz. «Banekien zeri egin behar nion aurre; nik erabaki nuen. Halere, eta bizitzan egoera zail askori aurre egin diedan arren, hau gehiegi izan da».

Garatek «laguntza psikologikoa» behar izan du urteari aurre egiteko. Urrian eginiko adierazpen batzuetan depresioak jota egon zela esan zuen. Donostiako Klasikoaren aurretik erori egin zen, eta ohean egon behar izan zuen. Belkineko medikuak Donostian zeuden arren, ez ziren bera ikustera joan ere egin —Garate Hondarribian bizi da—. Horrek jota utzi zuen. Halere, denborarekin, eta familiaren laguntzarekin, ondo eman dio buelta. «Ondo nago orain. Nire familiari, aldiz, gehiago kosta zaio. Talde zuzendari izateko ikastaroa egin berri dut. Urte hauetan eskarmentu handia hartu dut, eta txirrindularitzaren esku jarri nahiko nuke».

26 itzuli handi

Garatek nahi baino goizago baina uste baino garaipen gehiagorekin bukatu du ibilbidea. 26 itzuli handi bukatu ditu, eta etapa bat irabazi du gutxienez hiruretan. «Horrek txirrindulariaren historian tartetxo bat ematen dizula uste dut». Tourrekoa Mont Ventouxen irabazi zuen: «mugarri bat izan zen, baina ez dut San Pellegrino ahaztu, Giroan». Bere hitzetan,non zegoen eta bere maila zein zen «beti garbi» eduki izana izan du bertuterik handiena: «Banekien zein zen nire muga». Eta arazorik gabe eraman zuen ibilbidean izaniko aldaketa; sailkapeneko goialdean ibiltzen zen hasieran, eta luxuzko morroi eta etapa ehiztari bihurtu zen gero. «Giroko podiumerako borrokan aritu nintzen, baina ihesaldietan eta beste batzuentzat lanean aurkitu nuen nire tokia».

Garate ez da inoiz euskal talde bateko kide izan. Euskaltelen eskaintza izan zuen, baina uko egin zion: «Berandu eta gaizki jaso nuen. Ordurako banuen nire taldearen eskaintza, eta hobea zen». Euskaltelen elastikoa inoiz ez jantzi izanaren arantzarik ba al du? «Egia esan, ez. Egon naizen talde iaz guztietan oso gustura egon naiz». Zehaztapen bat ere egin zuen. «Rabobank ez da Belkin. Ez dago jende bera barruan».

Garatek kirol zuzendari izan nahi du, baina zuloa ikusten du egun euskal txirrindularitza profesionalean. Egoera konpontzeko aholku bat ematen ausartu zen: «Ezin gara barne liskarretan galdu. Euskal Herria lurralde txiki bat da munduan, txikiegia gure barnean liskarretan ibiltzeko. Txirrindularitzak badu etorkizuna Euskal Herrian, orain talde bat eman behar zaie beheko mailetan dabiltzan gazteei».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.