Astebete pasatu da joan den ostiralean Tokioko Olinpiar Jokoak inauguratu zituztenetik, eta, oraingoz, Txinako selekzioa dago aurrenekoa, irabazitako dominen sailkapenean. Kirolari txinatarrek urrezko 19 domina, zilarrezko 10 eta brontzezko 11 domina kolkoratu dituzte. Japonia dago bigarren, urrezko 17, zilarrezko lau eta brontzezko zazpi irabazita. Domina gehien AEBetako selekzioak bereganatu ditu (41 guztira), bai, baina sailkapen horretarako urrezko dominak hartzen dira kontuan, eta, oraingoz, 14 dauzka. Zilarrezkoak 16 dira, eta brontzezkoak 11. Jokoak abuztuaren 8an bukatuko dira, igandearekin.
1992an Bartzelonan egindako Olinpiar Jokoetan, selekzio batek lortu zituen domina gehien, Talde Bateratuak (SESB Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuneko hamabost errepublikatako kirolariek osatu zuten), baina, orduz geroztiko Olinpiar Joko guztietan, Pekingo 2008koetan izan ezik, AEB nagusitu da sailkapen horretan. 2008an, etxean, Txinak aurrea hartu zion.
AEBek, hain zuzen, aurreikusi baino urrezko domina gutxiago lortu dituzte igeriketan, eta horrek azal dezake sailkapenean hirugarren tokian egotea. Igeriketan, 24 domina kolkoratu dituzte; sei izan dira urrezkoak. Aurreko jokoetan, Rio 2016an, lehen astea bukatuta, 43 domina zeuzkaten irabazita AEBek; horietatik 21, urrezkoak.