Futbola. Polonia eta Ukrainako Eurokopa: Espainia-Italia finala

Irabazteko, zabaldu

Espainiak eta Italiak jokatuko dute Eurokopako finala gaur gauean, Kieven, eta ez dago titulua lortzeko faborito argirikTxapelketako lehenengo fasean elkarren aurka aritu ziren, eta bana egin zuten

Irabazteko, zabaldu.
Aitor Manterola Garate.
2012ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Hasten den orok izaten du amaiera, eta Eurokopak gaur dauka berea. Finalak emango dio bukaera, ohi den bezala. Espainia eta Italia aurrez aurre. Txapelduna zehazten duen partida horretan, txapelketako onenak egoten dira, lanik onena egin dutenak, eta bi taldeek erakutsi dute onetik asko dutela.

Ez dira txiripaz iritsi finalera. Gauza asko egin behar izaten dira ondo txapeldun izateko aukera edukitzeko, eta biek bikain bete dituzte hainbat lan. Horregatik, oreka espero da. Ez dago faborito argirik. Gainera, elkarren berri badute, duela hogei egun jokatu zutelako elkarren aurka, multzoen fasean. Berdinketa egon zen (1-1). Partida horretan, bi aldeek jaso zuten bestearen inguruko informazioa, eta berdintasuna handitzeko aukera ematen du horrek.

Gaurkoa nondik joan daitekeen asmatzeko, azkeneko neurketa hori lagungarria izan daiteke. Baldin eta egun hartako bidean segitzen badute Espainiak eta Italiak. Zalantza gutxiago dago egungo txapeldunaren inguruan, azkenaldian oso zehaztuta duelako jokatzeko eredua. Baloia izatean oinarritzen du, eta, izatekotan, erritmoan egingo du aldaketa, orain arte jokatu duena baino azkarrago jokatzeko gaia badelako selekzio horretan.

Italiaren ereduak ere txapelketan aldatu ez diren zantzuak baditu, baloiaren erabilera txukunean oinarrituz. Baina Espainiak baino aberastasun taktiko handiagoa dauka. Gai da defentsako lana ondo egiteko, goian presioa eginez edo lerroak atzeratuz; erasoan ere, baloia ukituz hel daiteke aurkariaren areara, baina joko zuzenagoa erabiltzen ere ondo moldatzen da, baita kontraerasoan ere. Atzo bertan, Cesare Prandelli entrenatzaileak esan zuen ausartak izango direla, ez diotela beldurrik Espainiari. Hala bada, multzoen fasean jokatu zion bezala jokatuko dio gaur: presioa goian eginez.

Jokalarien talentua ere kontuan eduki beharko da. Finalak berdinduak izaten dira gehienetan, eta erabakigarria izango da futbolarien trebezia. Bada non aukeratua, alde batean eta bestean. Espainian, ia denak izan daitezke erabakigarriak, eta Italian, hiruzpalau dira nabarmendu beharrekoak: Buffon atezaina, Pirlo maisua, eta bi aurrelariak: Cassano eta Balotelli. De Rossi ere sar daiteke multzoan. Pirloren jokoa beharko du Italiak, eta ikusi egin beharko da Espainiak ezohiko zaintzaren bat jartzen dion gainean.

Jokalariak zelaian batera eta bestera ibiltzen dira, eta mugimendu batzuk aurretik landutakoak eta hitz egindakoak izaten dira. Mugitu behar horretan, zelaiko esparruak aipatze aldera, hegaletan egongo da finaleko atea irekitzeko giltza. Espainia amorratua da barrutik jokatzen. Gehiegi erabiltzen du zelaiko esparru hori, baloia ukitu eta ukitu. Txapelketan gutxi baliatu ditu hegalak, baina bazterretik aritu izan denean,etekina atera dio. Italiak ere dotore egiten du defentsako lana barrualdetik, eta erasoan gehixeago jotzen du hegaletara; Cassano abila da leku horietan. Baina barrualdean jokalariak pilatzeko joera Italiak ere badu. Irabazteko aukerak ugaritzeko, zelaia zabaltzea ezinbestekoa izango dute batak eta besteak.

Espainia eta errekorra

Finalen aurretik, ohikoa izaten da zelaian gertatuko denari bezala begiratzea datuei eta estatistikei. Gaurkoaren jiran ere badabiltza hamaika kontu bazterretan. Lapiko horretatik ateratzeko modukoa hau da: Espainiak egin dezakeen marka historikoa.

Duela lau urte txapeldun izan zen Eurokopan, eta 2010eko Munduko Kopan ere bera onena. Gaur irabazten badu, inork lortu gabea egingo du: Eurokopa, Munduko Kopa eta berriz Eurokopa irabaztea. Historian sartuko litzateke.Italiaren esku dago, edo oinetan ere bai, zehatzago esanda, marka horrek jaberik ez izaten segitzea. Garaile bada, Espainia berdinduko du garaipenen zerrendan, biak birekin geratuko liratekeelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.