Emakumeen Espainiako Ligako lehen mailako denboraldia irailaren 5ean hasi eta 2021eko ekainaren 21ean amaituko da. Espainiako Futbol Federazioko Batzordeak gaur eman du argitara 2020-2021eko denboraldiko egutegia. 34 jardunaldiko txapelketa izango da, eta ez 32koa; izan ere, COVID-19ak eragindako osasun krisiaren ondorioz, jaitsierarik egon ez denez, aurreko sasoian baino bi talde gehiago izango dira lehen mailan: Eibar eta Santa Teresa. Beraz, hiru euskal talde lehiatuko dira datorren denboraldian: Athletic, Reala eta Eibar igo berria.
Bigarren maila, bestalde, irailaren 27an hasiko da, eta goren mailan gertatu den bezala, bi talde gehiago egongo dira: 34.
Horrez gain, Espainiako Kopako finala datorren urteko maiatzaren 31n jokatzea aurreikusi du batzordeak. Superkopako finalerako data, berriz, aurreratu egin dute: otsailean jokatuko da, Salamancan (Espainia).