Igandean euskaldun askoren memorian iltzatutako irudi bat errepikatuko da. 1976ko abenduaren 5ean, Atotxan, Jose Angel Iribarrek eta Inaxio Kortabarriak ikurrina atera zuten —ikurrina legez kanpokoa zen oraindik—. Bada, igandean San Mamesen Athleticek eta Realak jokatuko duten Espainiako Lehen Mailako Ligako derbian irudi horixe osatuko dute berriro. Izan ere, duela 50 urte atera zuten ikurrin berberarekin aterako dira zelaira Iribar eta Kortabarria.
Realak eta Athleticek batera ateratako oharrean diote Kortabarriak, Iribarrek eta ikurrin hark osatutako irudia «ikur» bilakatu zela, eta «euskal gizartearen memoria partekatuaren parte» dela: «Bost hamarkada geroago ere bere horretan dirau haren balio historiko eta sozialak». Ikur hori bera aterako dute igandeko norgehiagokaren aurretik: Iribar eta Kortabarria jatorrizko ikurrina eskuetan dutela irtengo dira, bi taldeen gaur egungo jokalariek ohorezko pasabidea egiten dien bitartean. Horren ondoren, guztiek argazki bat aterako dute «bi taldeen historia hurbileko irudirik adierazgarrienetako bat» berregiteko eta 1976an Realeko eta Athleticeko jokalariek bultzatutako keinu hari «gorazarre egiteko».Â
San Mamesera behar besteko aurrerapenarekin joatea gomendatu dute antolatzaileek, omenaldia ikusi eta hartan parte hartzeko.
Bi taldeen lotura
Franco hil zenetik mende erdi bete zenean, BERRIAk hilabete batez serie bat kaleratu zuen. Bada, serie horretako pieza batean bildu zituen Kortabarria eta Iribar, Atotxako irudi horri buruz, frankismo garaiaz eta orduan futbolari euskaldun izateaz mintzatzeko. Elkarrizketa horretan gogoratu zuten ekintza horrek «izugarrizko zalaparta» eragin zuela; lotura bat eragin zuela jendearen, zaleen eta taldeen artean; eta bi taldeak asko batu zituela.
