Irigoien, bere 'etxean'

Azken lau urteetako harri txikietako Euskadiko irabazlea da gaur berriz ere txapela lortzeko faboritoa

Aimar Irigoien, Arrigorriagan, 2008ko Harri Txikietako Euskadiko Txapelketan. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
2011ko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
Harri Txikietako Euskadiko Harri-jasotze Txapelketa gaur jokatuko da, Aiako pilotalekuan (17:30 Gipuzkoa). Finalean, azken lau urteetako irabazlea dago, Aimar Irigoien (Errezil, Gipuzkoa, 25 urte), eta bera da gertutik jarraitu beharreko harri-jasotzailea, txapela irabazteko faboritoa baita.

Errezildarrarekin batera hauaek ariko dira: Unai Bertiz (Sunbilla, Nafarroa, 26 urte), Xabier Ariztegi Santxin (Etxalar, Nafarroa, 31 urte), Josetxo Urrutia (Leitza, Nafarroa, 34 urte) eta Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a (Zarautz, Gipuzkoa, 26 urte). Joseba Ostolaza iazko txapeldunordea izango da aurten faltako den harri-jasotzaile nagusia, Jexuxmari Iruretagoiena Izeta III.arekin batera. Hala ere, finalak maila altua izango du, han izango baitira Gipuzkoako zein Nafarroako txapeldunak: Irigoien eta Bertiz, hurrenez hurren. Sunbillakoak, gainera, txapelketako marka berria ezarri zuen, hiru harrirekin, guztira 6.562,5 kilo jasota. Urrutia, berriz, bigarren izan zen, eta Ariztegi hirugarren.

Aimar Irigoienek iaz lortu zuen laugarren txapela jarraian, Anizen (Nafarroa). Bigarren sailkatuari 600 kiloren aldea atera zion, aurten parte hartuko ez duen Ostolazari hain zuzen ere. Aurten ere txapela eskuratzeko hautagai nagusia da Errezilgoa, sasoi onean dagoelako. Bigarren posturako lehia oso berdintsua izatea espero da, Bertiz eta Izeta IV.aren artean aldea oso txikia baita. Halere, kontuan izan behar da Sunbillakoa ez dagoela bere onenean, gerriko arazoekin baitabil azken egunetan.

Azken urteetan bezala, txapelketak lau proba izango ditu, lau harrirekin: 125 kiloko koadroa, 125 kiloko zilindroa, 112,5 kiloko kuboa eta 100 kiloko bola. Harri bakoitzarekin, hiru minutuz ariko dira lanean, eta harri guztiekin pilaturiko kilo kopuruak erabakiko du irabazlea nor den. Txapelketako marka Irigoienek dauka: 2009ko txapelketan, 115 jasoalditan, guztira 13.362,5 kilo altxatu zituen.

HARRI TXIKIEN TXAPELK.

Parte hartzaileak. Unai Bertiz, Xabier Ariztegi, Josetxo Urrutia, Aimar Irigoien eta Izeta IV.a.

Lanak. Hiruna minutuko saioak 125 kiloko koadro, 125 kiloko zilindro, 112,5 kiloko kubo eta 100 kiloko bolarekin.

Lekua. Aiako pilotalekua.

Ordua. 17:30.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.