Irribarretsu agertu da elkarrizketara Mikel Arrasate triatleta (Lekeitio, Bizkaia, 2004). Europako triatloiko distantzia laburreko txapelketa irabazi du. Banyolesen (Herrialde Katalanak) izan da, eta 3.10,38ko denbora egin du. Duela urte gutxi egin du salto bete-betean txirrindularitzatik triatloira, nahiz eta gaztetan bi kirolak uztartzen zituen. Hala ere, oraingoan korrikako zatian lortu du aurkariei tartea ateratzea.
Egun batzuk igaro dira Europako txapeldun izatea lortu zenuenetik; zer moduz zaude?
Oraindik ezin sinetsita nabil. Aurten min hartuta egon naiz abendutik apirila bitarte, eta pixkanaka hasi nintzen entrenatzen. Zarautzen lasterketa ona atera zitzaidan, eta oso gustura geratu nintzen. Espainiako selekzioarekin Europako Txapelketara joateko aukera suertatu zitzaidan, eta amets bat betetzea bezala izan zen. Txikitan telebistan ikusten nuen Espainiako triatloi selekzioa, eta bertan egotea gustatuko litzaidakeela pentsatzen nuen. Europako txapelketa batean lehiatu ahal izatea, irteera marran egotea, amets bat zen, eta hor lehiakor izatea, aurrean ikustea, hori guztia amestu ere ez nuen egiten, ez nuen posible ikusten. Oraindik ere sinistu ezinik nago zer lortu dudan.
Irabazteko helburuarekin joan zinen?
Ez, nire bizitzan lehen aldia zen Europako txapelketa batean, horrelako mailako txapelketa batean. Duela bi urte jokatzen nituen txapelketarik garrantzitsuenak Lekeitioko, Zarauzko eta Zumaiako triatloiak ziren. Lehiatzeko helburuarekin joan nintzen, eta bertara joate hutsa amets bat zen. Amets hori betetzera joan nintzen, eta disfrutatzera. Gero, ondo edo pozik nenbilen bitartean, banekien buruak ondo funtzionatuko zidala; beraz, dena ematera eta disfrutatzera atera nintzen.
Zure atzetik, ia minutu batera iritsi zen Guillem Montiel, aurreko aldiko txapelduna. Horrek balio handiagoa ematen dio garaipenari?
Bai. Europako txapelketara ez dira, munduko txapelketara bezala, herrialde bakoitzeko onenak joaten. Hala ere, joaten diren guztiak abilak dira, onak. Giullem Montiel niretzat erreferente bat izan da azken urte hauetan. Egun hauetan harekin lehiatu eta lehiakor aritzea handia izan da.
Beroaren ondorioz, korrika 21,1 kilometro egin beharrean, hamalau egin zenituzten. Horrek aldatu ahal zuen lehiatzeko modua?
Bai, esan duzun moduan, laburtu egin zuten. Guk 30 gradu genituen korrika egin behar genuen momentuan, eta ahal izango genuen maratoi erdi hori korritu. Popularragoak diren adin tarte desberdinetako lasterketak 14:00etan bukatuko ziren, eta hor bero handia egingo zuen, alerta gorriaren arriskua baitzegoen. Denok distantzia bera egin behar genuelako laburtu zuten lasterketa. Aldaketa handia izan zen hori: distantzia erdiko lasterketa batean, indarrak gehiago gordez zoaz, desberdin janez. Korrikako azken buelta izaten da gogorrena, edo luzeen egiten dena. Kilometroak moztu izanak aukera eman zuen igeriketan eta bizikletan bizkorrago ibiltzeko. Korrika galtzerdirik gabe egitea erabaki nuen. Distantzia olinpikoan, hamar kilometro, galtzerdirik gabe egiten dugu, oinetakoak bizkorrago jartzeko. Arriskatu egingo nintzela erabaki nuen, eta horrek hamar segundo eman zizkidan. Gauden mailan, hamar segundok eragina dute fisikoki eta psikologikoki, jada aurretik jartzen baitzara. Ondo atera zitzaidan erabakia.
«Korrika galtzerdirik gabe egitea erabaki nuen, oinetakoak bizkorrago jartzeko. Ondo atera zitzaidan erabakia»
Gaztea zara, baina jada badituzu garaipen garrantzitsu batzuk. Hau izan al da orain arteko garrantzitsuena?
Bai, bai. Izen aldetik eta maila aldetik garrantzitsuena dela esango nuke. Proba honek nazioartean zure palmaresa eta izena handitzeko balio du, eta ezagutzeko. Hala ere, niretzat beste batzuk izan dira bereziagoak. Hemen Lekeition irabazi nuena, herriko eta familiako denekin; edo Zarauzko bigarren postua, sentimendu aldetik, bereziagoa izan zen.
Beti diozu presiopean ez zarela ondo lehiatzen, eta normalean ez duzula presiorik edukitzen. Azken emaitza hauekin presio handiagoa duzula nabaritu duzu?
Zarautzen egindako lasterketaren ondoren, pentsatzen nuen hurrengo astean Lekeition neukan lasterketan ez banuen nire maila ematen jendea galdetzen hasiko zela zer pasatu zitzaidan. Egia esan, nire indarguneetako bat gauzak lasai hartzea da. Orain, Europakoa irabazita, saiatzen naiz ez ematen garrantzi berezirik eta egunerokoan neskarekin eta lagunekin egoten, eta ahalik eta bizitza normalena egiten, buelta askorik eman gabe. Espainiako selekzioarekin Europako txapelketa batean urduri jarriko nintzela uste nuen, baina konturatu naiz zenbat eta garrantzi gutxiago eman orduan eta hobeto dela. Irteeran zeudenen izenak begiratu ere ez nituen egin, disfrutatzea baitzen nire helburua, presiorik jarri gabe.
Zer tartetan sufritzen duzu gehien?
Mentalki, gehien igeriketan sufritzen dut, igerilekuan. Askotan bakarrik egiten duzu; asko kostatzen da. Orain, marmoken ondorioz, ezin naiz itsasoan entrenatu, eta mentalki gogorra da. Fisikoki, korrika sufritzen dut gehien. Bihotza eman ahal guztian jartzen dut, eta asko sufritzen da. Bestalde, bizikletan disfrutatzen dut gehien, nire pasioa baita.
Duela pare bat urte, esan zenuen ez zenuela dietarik egiten; oro har asko aldatu al da zure prestaketa?
Janari aldetik ez da asko aldatu. Hala ere, Zarautzen eta Europako Txapelketan, luzeak direnez, aurreko astean zuntza gutxitzen dut, eta karbohidratoak asko gehitzen ditut. Mundu guztiak egiten duena egiten saiatzen naiz. Egunerokoan etxeko betiko otorduak egiten ditut: hori berdin egiten jarraitzen dut. Niretzat garrantzitsua da askatasun mentala edukitzea: entrenatzen zabiltzan momentuan entrenatzen zabiltza, baina gero deskonektatu egin behar duzu. Horrek asko laguntzen dit, eta momentuz horrela jarraituko dut. Lasterketako elikadura da aldatu dudana. Marka batekin nabil, eta nutrizionista bat jartzen digu, lasterketan noiz eta zenbat jan behar dugun esaten diguna. Hori aldatu dut batez ere.
Zein dira zure hurrengo helburuak?
Alpe d’Huez ondo prestatu nahi dut, eta mimo handiz ari naiz. Ondoren, astebete edukiko dut atseden hartzeko. Ez dakit zorte txarra edo ona eduki dudan, denboraldi hasieran min hartuta ibili bainintzen. Horregatik, orain denboraldia luzatzeko aukera izango dut, mentalki ere fresko nago eta. Europako Txapelketa irabazi dudanez, Munduko Txapelketara joateko aukera izango dut. Azaroan izango da, Abu Dhabin. Deskantsatu ondoren, hilabete pare bat edukiko ditut txapelketa hori ongi prestatzeko. Baliteke tartean beste lasterketaren bat egitea. Denboraldia azarora arte luzatuko da.
Norbaiti eskerrak eman nahi dizkiozu?
Nire alboan egon direnei eman nahi dizkiet eskerrak, honaino iristen lagundu didaten lagun eta taldekide guztiei. Baita Haritz eta Alejandrori ere, aurten aurrerapauso hau ematen asko lagundu didate eta. Gero, familiako guztiei: amari, aitari eta arrebari. Eta nire neskari, Aneri, entrenamendu guztietan laguntzen baitit; korrika noanean, nire alboan etortzen da bizikletan ura eta animoak emanez, eta hori asko eskertzen da.