Euskal Herrian badira kirol batzuk hiri edo herri jakin batekin oso lotuak: arrauna Oriorekin (Gipuzkoa), errugbia Baionarekin eta Miarritzerekin (Lapurdi), zesta-punta Gernika-Lumorekin (Bizkaia), saskibaloia Gasteizekin, eta harri jasotzea Leitzarekin (Nafarroa), besteak beste. Xarea, berriz, Irurarekin (Gipuzkoa) dago oso estu lotua. Tolosaldeko herri hori pilotaren modalitate horretara emana dago. Joxe Jauregi Garmendia apaizak sartu zuen xarea Iruran, duela ehun urte pasatxo; zehazki, 1919an. Orduz geroztik, herriaren eta herritarren ondare bihurtu da, eta belaunaldiz belaunaldi transmititutako zaletasun eta pasio.
Kate luze horren azken-aurreko katebegiak dira Oier Iturbe (Irura, 2006), Markel Mujika (Irura, 2006) eta Xuban Lopetegi (Irura, 2008). Irurakoak dira hirurak, eta euskal selekzioarekin ari dira xarean jokatzen Munduko Euskal Pilota Txapelketan, Buenos Airesen. Mikel Uzkudun dabil euskal selekzioaren hautatzaile, eta hura ere Irurakoa da. Hau da, osorik herri horretakoek osatutakoa da euskal selekzioa. Hori aski ez, eta Irurako beste xarelari bat dabil Munduko Txapelketa jokatzen: Joxi Lopetegi, Xubanen aita. Hura, ordea, Espainiako selekzioarekin ari da jokatzen.
Hain zuzen, euskal selekzioak eta Espainiak elkarren aurka jokatuko dute gaur, Euskal Herriko 23:00etan, CENARD Argentinako Goi Errendimenduko Guneko trinketean. Ligaxkako bigarren partida izango da. Euskal selekzioak galdu egin zuen lehen neurketa, ostiralean, Argentinaren aurka: 15-6 eta 15-11. Xuban Lopetegi eta Iturbe aritu ziren euskal selekzioarekin. Aurretik, Espainiak irabazi egin zion Frantziari: 15-13 eta 15-14. Joxi Lopetegik jokatu egin zuen, eta, gero, gogotsu aritu zen euskal selekzioa animatzen, Espainiako selekzioaren arropa soinean zuela. Gaur, itxuraz, atseden hartuko du, eta ez da semearen aurka ariko.
Xuban Lopetegik eta Iturbek haserre eta amorratuta bukatu zuten argentinarren aurkako partida. «Ez da izan espero genuen bezalako partida. Parekatuagoa izatea espero genuen, baina ez gara nahi bezain ondo aritu. Erabakiak hartzeko orduan huts egin dugu, zehazki, ez dugu gure jokamoldea aldatu. Ez gara haien jokora egokitu, eta ez dugu asmatu haiei aurre egiten. Emaitza da horren isla. Hobeto aritu beharko dugu bigarren partidan, Espainiaren aurka. Oso partida zaila izango da», azaldu du Lopetegik.
Ezustean txapelketan
Iturbe, Mujika eta Lopetegi Irurako Ametsa klubeko kide dira, herriko Ametsa trinketan jokatzen dute, eta amets bat betetzen ari dira Buenos Airesen. «Sekulakoa da hemen egotea eta euskal selekzioarekin Munduko Txapelketa nagusi bat jokatzea», aitortu dute hirurek. Opariek ilusio handiagoa pizten dute ezustekoak direnean, eta ezustean ari da euskal selekzioa xarean Munduko Txapelketan. Ez zen sailkatu, trinketeko Nazioen Liga jokatu zenean euskal selekzioa ez baitzen ofiziala. Baina AEBek eta Portugalek uko egin zioten Munduko Txapelketan aritzeari, eta Nazioarteko Federazioak tokia egin zion euskal selekzioari. «Duela hiru aste eskas jakin genuen jokatuko genuela», kontatu du Mujikak. «Gutako inork ez zuen espero», zehaztu du Lopetegik. «Uste genuen hurrengo Munduko Txapelketa jokatuko genuela, 2030ean gurean jokatuko dena», laburbildu du Iturbek.
Ez dute ahaztu nola izan zuten albistearen berri. «Mikelek [Uzkudunek] hiruroi deitu zigun telefonoz, baina nik bakarrik hartu nion deia. Poz ikaragarria hartu nuen», aitortu du Mujikak. «Nik jakin nuen azkena, eta, segituan, elkarrekin dugun taldera idatzi. A zer barreak egin genituen. Ezin genuen sinetsi. Albiste ikaragarria zen. Hirurok aspaldi gabiltza xarean jokatzen, eta sekulakoa da horrelako aukera bat izatea», azaldu du Lopetegik.
Lopetegik nabarmendu egin du hirurei «txikitatik» datorkiela xarean jokatzeko zaletasuna. Hari eta Iturberi etxetik datorkie, haien aitak, Joxi eta Iñax, munduko hainbat txapelketetan aritutakoak baitira, baita txapeldun izandakoak ere. Biek gomendio asko ematen diete semeei. «Asko hobetu dut hari esker», esan du Iturbek. «Aitak gomendio asko ematen dizkit: kantxan lasai aritzeko eta hark dituen ohiturei segitzeko. Haren ustez, ohitura horiek onak dira, eta mesede egingo didate», adierazi du Lopetegik. Xaxatu ere egiten dituzte. «Aitak esaten dit haien txapelketak gogorragoak zirela, eta guk meritu txikiagoa dugula. Horrela hasten denean ez diot jaramonik egiten», adierazi du Iturbek. Mujikak, ordea, ez du izan aurretik xarean jokatu duen senitartekorik, baina Irurakoa izanik, «gertukoa» izan du beti xarea. «Probatu, eta gustatu egin zitzaidan. Gainera, Oier kuadrillakoa dut. Hirurok hamar urte daramatzagu elkarrekin jokatzen, eta oso harreman ona dugu».
Uzkudunek aspaldi ezagutzen ditu hirurak, eta bakoitza nolako pilotaria den azaldu du. Lopetegiz esan du «buruz eta zangoz oso aurrelari bizia» dela, tantoa amaitzen «abila», eta «ezusteko jokaldiak» egiten dituela. «Bere adinekoak baino pauso bat aurrerago doa. Oso gaztea denez, eskarmentua falta zaio, baina pilotaria da». Iturbez eta Mujikaz, berriz, esan du «fisikoki oso atzelari indartsuak» direla, eta teknika hobetzen badute «goi mailako xarelariak» izango direla. «Oier Markel baino seguruagoa da, eta, horregatik, koska bat gorago dago». Gaur jokatzekoak diren biek onena eman beharko dute Espainia mendean hartzeko. Bigarrenez galduz gero, maldan gora jarriko zaie finalerdietarako sailkatzea.