Israel Premier Tech taldeko zuzendari nafarrak Vuelta utzi du

Oscar Guerrero altsasuarrak ezinegona adierazi izan du lasterketan talde israeldarraren aurka egin dituzten protestak direla eta.

Oscar Guerrero, taldearen autoan, denboraldi honetako lasterketa batean. BERRIA.
Oscar Guerrero, artxiboko argazki batean. BERRIA
Edu Lartzanguren.
2025eko irailaren 13a
09:32
Entzun 00:00:00 00:00:00

Azken orduetan jakin da, baina egunak dira Oscar Guerrero Zelaia Israel Premier Tech taldeko kirol zuzendariak etxerako bidea hartu zuela. Atzo, Rueda eta Guijuelo (Espainia) artean jokaturiko etapan ez zegoen taldearen autoan, eta COPE irratiaren arabera, Altsasura (Nafarroa) itzulia zen, familiarekin egotera.

Altsasun jaio zen Guerrero, 1971. urtean. Hainbat taldetan aritu da, besteak beste Caja Ruralen, Kaikun, Fuertaventura Canariasen eta Euskaltel-Euskadin, eta Israelgo taldea zuzendu du 2017. urtetik.

Israel Gazan egiten ari den genozidioak eragindako protesten inguruko ezinegona adierazi izan du azken egunotan Guerrerok. «35 urte dira zuzendari nabilela. Bizitza osoan jo eta ke lanean, eta jendeak autoko leihotik hiltzaile edo putakume deitzea ez da atsegina, eta mindu egiten zaitu. Uste handia daukat organizazioan eta Poliziarengan. Ez dago beldurrik. Badakigu zarata handia egongo dela, baina etapari aurre egingo diogu», esan zuen, irrati horretan, Bilbon amaitu behar zuen etaparen aurretik. Protestengatik, Vueltak ezin izan zuen etapa amaitu. Ordutik, beste hainbat protesta egin dituzte taldearen aurka. Galizian jokaturiko beste etapa bat behar baino lehenago amaitu behar izan zuten, eta Valladoliden (Espainia) jokaturiko erlojupekoa laburtu.

Espainiako Ciclo21 txirrindularitza atariak zabaldu duenez, mezuak margotu dituzte Guerreroren etxearen inguruan, Altsasun.

Sylvan Adams milioidun kanadarrak sortu zuen Israel Premier Tech taldea. Israelgo lehen ministroaren adiskidea da Sylvain, eta txirrindularitzaren bidez herrialdearen izena zuritzeko ahalegina egitea leporatu diote. Benjamin Netanyahuk berak sostengua adierazi dio taldeari azken egunotan: «Israel harro dago zuetaz», idatzi du.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.