Euskal Herriko Itzuliak gaur jakinarazi du zein 22 taldek hartuko duten parte aurtengo ekitaldian. World Tourrean, Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunaren (UCI) maila gorenean ari diren hemezortzi taldeek ziurtatua zuten Itzulian parte hartzea, baina horietako bik uko egin diote antolatzaileek egindako gonbidapenari: NSN eta Jayco taldeek, hain zuzen. NSN Israel taldearen oinordekoa da. Andres Iniesta futbolari ohia da haren arduradunetako bat. Iaz, Israel taldea Vueltan lehiatu zen, eta horrek protesta ugari eragin zituen: besteak beste, ez ziren jokatu Bilbon amaitzekoa zen etaparen azken kilometroak.
World Tourreko hamasei taldek hartuko dute parte aurtengo Itzulian. Euskal Herriko talde bat da haien artean: Movistar. Harekin batera, beste hiru euskal talde lehiatuko dira, antolatzaileek gonbidatu egin baitituzte: Euskaltel-Euskadi, Caja Rural eta Kern Pharma.
Apirilaren 6tik 11ra jokatuko dute Itzulia. Ziklistek 809,6 kilometro egin beharko dituzte, eta 29 mendate igo. Bilbon hasiko da, eta Bergaran bukatu.