Vueltako azken etapa bertan behera utzi behar izan dute, protestengatik

Azken etaparen ibilbidean sartu dira Palestinaren alde protestan ari ziren hainbat ekintzaile, eta antolatzaileek karrera geratu behar izan dute. Sari banaketa bertan behera geratu da. Espainiako Polizia protestarien kontra oldartu da.

Protestari batzuk hesiak ibilbidera botatzen, Espainiako Poliziaren aurrean. RODRIGO JIMENEZ / EFE
jon ordonez garmendia
2025eko irailaren 14a
18:31
Entzun 00:00:00 00:00:00

Espero zen bezala, Espainiako Vueltaren azken etapan ere protestak izan dira Israel Premier Tech taldearen parte hartzearen aurka, eta, horien ondorioz, antolatzaileek bertan behera utzi behar izan dute etapa. Poliziaren eta manifestarien arteko istiluekin amaitu da Vuelta. Madrilen hasi da azken etapa hori, eta han zen bukatzekoa 103 kilometroren ostean, zirkuitu bati bederatzi itzuli eman eta gero. Segurtasun neurriak handiak ziren, eta Vueltak aldaketak egin ditu ibilbideko azken kilometroetan protestak saihesteko asmoz. Gazako genozidioa salatzen ari zirenek, ordea, toki batean baino gehiagotan okupatu dute ibilbidea, eta, esate baterako, Castellana pasealekua, Madrilgo etorbide nagusietako bat, bere egin dute, eta mila pertsona inguru manifestazioan joan dira kalean gora.

Etapa hasi eta kilometro gutxira, protesten eraginez, txirrindulariek karrera geratu egin behar izan dute. Hasieran berriro pedalkadak ematen hasi badira ere, azkenean autoetan sartu eta autobusetara joan dira, Bilbon gertatu zen bezala. Genozidioa salatzeko protestak etengabeak izan dira lasterketan. Nafarroatik igaro zen etapan, errepidera atera ziren protestariak, eta Bilbon, etapa bertan behera utzi behar izan zuten azken kilometroetan. Gernika Palestinak txalotu egin ditu Israelen kontrako boikot ekintzak, eta adierazi du Euskal Herrian «garaipen sinbolikoak» lortu direla, eta nazioartean Israelen kontrako urratsak egiten hasi direla, «eskasak» badira ere.

Madrilen, protestariak askotarikoak izan dira. Zenbait tokitan hesien atzean egin dute protesta ehunka lagunek, Palestinako banderak eskuetan hartuta. Beste batean, pankarta bat eskuan hartuta atera dira errepidera, eta txirrindularien artean sartu dira. Callao kalean, berriz, pertsona batzuek hesiak bota dituzte, eta barrikadak egin dituzte horiekin. Ondoren, kalea hartu dute. Espainiako Polizia jazarri egin zaie, eta istiluak sortu dira.

(ID_15317099) ESPAÑA CICLISMO VUELTA
Hesiak ibilbidean, Callao kalean. RODRIGO JIMENEZ / EFE

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.