Italia zergatik ailegatzen da maiz txapelketetan urrutira, Italia delako? Ez du futbolean ondo jokatzen, ez du baloiaren jabetza handirik izaten, ez du gol aukera askorik egiten, baina askotan ailegatu izan da urrutira.
2006ko Munduko Kopan azkeneraino, finaleraino, eta irabazi; Zidane eta dena urduri jarriz -Materazziren aurkako burukada hura, historikoa-. Izan ere, atzean eutsi, narrats jokatu, eta gero Italiak beti eduki izan ditu hamaikakoan pare bat jokalari distiratsu. 2006an Totti eta Pirlo, esaterako. Baina aurten zein du, Tottirik eta Pirlorik ezean? -Lippik ez du deitu Totti; Pirlo giharretako arazoekin dago, eta ikusi egin behar noizko osatuko den-.
Taldearen estreinakoan ikusi da, Paraguairen aurka: inor ez du. Zelai erdia oso arrunta da futbolistikoki. Baina 0-1 galtzen joan den arren, ez du galdu. 55. minutura arte aurkarien atera ez du jaurti, baina ez du galdu. Bana egin dute. Kornerretik sartu du banakoa Italiak, 63.ean; De Rossik, atezainak huts eginda. 0-1ekoa, Alcarezek, buruz, 38.ean. Puntu bat urratu dute italiarrek, eta multzoan Zeelanda Berria eta Eslovakia dituzte beste kontrarioak. Eta Italia lehen fasetik aurrera, arriskutsua da.