Balentria egin du Igor Arrietak (UAE): Italiako Giroko bosgarren etapa irabazi du Potenzan. Euskal Herriko itzulian gutxigatik egin zion ihes lehen garaipenak World Tourrean. Bigarren izan zen Basaurin. Gaur, ordea, lortu egin du. Eguneko ihesaldian sartu da, beste hamabi txirrindularirekin batera. Ondoren, helmugarako 60 kilometro falta zirela, Grande di Viggianorako igoeran aurrera egin du, eta Afonso Eulalio (Bahrain) izan da hura harrapatzeko gai izan den bakarra. Azken 50 kilometroak elkarrekin egin dituzte; atzetik zetozen lau txirrindulariekiko eta tropelarekiko aldea handituz joan dira, eta, azkenerako, bien artean erabaki da etapa. Azken hamabost kilometroak tentsio handikoak izan dira, biak erori egin baitira: aurrena Arrieta, eta gero Eulalio. Euria egin duenez, biei irrist egin die gurpilak. Gainera, helmugarako bi kilometro falta zirela, Arrieta bidetik irten da. Baina azken 800 metroetan indarrik gabe geratu da Eulalio, eta Arrietak, atzetik etorrita, garaipena lortu du. Oraingoan ez dio ihes egin. Hirugarren Guillermo Silva (Astana) helmugaratu da, 51 segundora. Sailkapen nagusian Eulalio lehen tokian jarri da, eta bigarren dago Arrieta, 2.51ra.Â
Duela zazpi urte lortu zuen azken garaipena euskal txirrindulari batek Giroan: Pello Bilbaok —bi etapa irabazi zituen orduko hartan—. Gizonezkoen Giroan etapa bat irabazi duen 26. euskal txirrindularia da Arrieta —guztira, 41 etapa irabazi dituzte euskal txirrindulariek—.Â
Etapa gorabeheratsua izan da gaurkoa, Praia a Mare eta Potenza artean. Guztira 203 kilometro zituen. Esperotako gidoia izan du, nahiz eta eguraldi txarrak txirrindularien jarduna baldintzatu duen. Euria egin arren, tropelak bizi ekin dio etapari. Orduko 48 kilometroko abiaduran egin dituzte lehen kilometroak. Hasiera horretan, Q36.5 taldea izan da ihesaldia osatzen gehien ahalegindu dena, Sjoerd Baxekin eta Nickolas Zukowskyrekin. Baina Vismak eta Lidl-Trekek ondo eutsi diete ahalegin horiei.Â
Eguneko ihesaldia osatu arte, ahaleginak etengabeak izan dira, eta tentsioa izan da nagusi. Azkenerako, hamabi txirrindularik egin dute aurrera. Tartean ziren, besteak beste, Arrieta, Eulalio, Silva, Victor Campenaerts (Visma), Ben Turner (Ineos), Jhonatan Narvaez (UAE) eta Einer Rubio (Movistar). Helmugarako 134 kilometro falta zirela, 1.20ko errenta izan dute. Bi minutura ere igo da. Baina gero, kilometroek aurrera joan ahala, indarra galduz joan dira.Â
Bidea ez zutela egingo ikusita, 60 kilometro falta zirela Arrietak aurrera egin du Grande di Viggianoko igoeran. Aurreko egunetan Adam Yatesek, Jay Vinek eta Marc Solerrek lasterketa utzi eta gero —erori egin ziren hirurak—, Uharte Arakileko txirrindulariak aukera aparta zuen laguntzaile lanak alde batera utzi eta etapak irabazteko borrokan sartzeko, eta halaxe egin du. Bikain, gainera. Igoerako hainbat kilometro egin ditu bakarrik, baina atzetik indartsu etorri da Eulalio. Gullio Ciccone liderrarengandik 1.11ra egonda, bidea eginez gero portugaldarrak aukera zuen sailkapen nagusian lehen tokian jartzeko. Biek ondo ulertu dute elkar, eta aldea handituz joan dira. Atzetik lau txirrindulari zetozen: Silva, Lorenzo Milesi (Movistar),Gianmarco Garofli (Quick Step) eta Christian Scaroni (Astana). Tropelean, berriz, ardura osoa liderraren taldeari utzi diote. Baina hor agerian geratu dira Lidl-Treken gabeziak. Izan ere, ez da gai izan lasterketaren aginte makila hartzeko. Cicconek berak hasi behar izan du tira egiten.
Arrieta igaro da lehen tokian mendatetik, laukoteari 20 segundoren aldea aterata. Jaitsiera ikusgarria izan da. Izan ere, Arrieta eta Eulalio errenta handituz joan dira kilometroz kilometro. Atzeko bi multzoak handiagoak izan arren, ez dira gai izan ondo antolatu eta aurrekoak harrapatzeko. Hamabost kilometro falta zirela, argi zegoen garaipena bien artean erabakiko zela. Baina orduantxe erori da Arrieta. Bihurgune batean irrist egin dio gurpilak, eta lurrera joan da. Bizikleta aldatu behar izan du, eta pedalarekin ere izan du arazoren bat. Baina ez du etsi: hortzak ondo estutu, eta Eulalio harrapatzeko ahaleginean segitu du. Portugaldarrak 30 segundoren aldea lortu du. Baina hura ere erori egin da helmugarako zazpi kilometro falta zirela. Kasu horretan ere lurra bustita zegoen, eta gurpilak irrist egin dio.
Arrietak aldea kendu dio, eta, kilometro baten ostean, elkarrekin ziren berriro. Hortxe, tentsioa eta urduritasuna areagotu egin dira. Zirt edo zart egiteko garaia zen. Bi txirrindulariak hustuta zetozen erori ostean, eta bazirudien Eulaliok etapa irabazteko aukera handiagoa zeukala, bizkorragoa baita. Are gehiago bi kilometro falta zirenean, Arrieta bidetik irten denean. Buelta eman eta bide zuzena hartu behar izan du. Eulaliok irabaziko zuela zirudien arren, Arrietak estutzen jarraitu du, eta saria izan du. Helmugarako bidea aldapa etzan batean zegoen, eta azken 800 metroetan Eulalio indarrez hustu da. Hori baliatu du Arrietak azken arrastoan aurrea hartu eta garaipena lortzeko.Â
Biharko etapa Paestum eta Napoli artean korrituko da. Dezentez motzagoa izango da, 142 kilometrokoa. Ostiralean mendiko lehen etapa menditsua izanda, ihesaldi bat osatu eta helmugara iristeko eguna izan daiteke.Â
Ferguson nagusi, Nafarroako Klasikoan
Cat Ferguson (Movistar) gailendu da Nafarroako Klasikoan —iaz ere hark irabazi zuen—. Esprintean erabaki da etapa, eta hura izan da bizkorrena Iruñeko helmugan. Atzetik helmugaratu dira Ruby Roseman (Jayco) eta Fiona Mangan (Mayenne). Haiekin batera iritsi da Maier Olano 19 urteko tolosarra, hamahirugarren postuan.
Txirrindulariek 133 kilometro egin behar izan dituzte. Eguneko ihesaldia hasi eta berehala osatu da, eta, bidea egin arren, pixkanaka indarra galtzen joan da. Nadia Gontovak (Jayco) erasoa jo du Tirapun gora, eta bi minuturen aldea izan du, baina Movistarrek zapuztu egin dio ahalegina.
Â