Txirrindularitza

2027ko Italiako Giroko ibilbideek txirrindulariak ahalegin betean aritzera behartuko dituzte

Gizonezkoek zazpi etapa bukatuko dituzte gain batean, eta, besteak beste, Gavia, Zoncolan eta Mortirolo igoko dituzte, azken hori bitan. Bi erlojupeko jokatuko dituzte. Emakumezkoek bi saio bukatuko dituzte gain batean, eta erlojupeko bat jokatuko dute.

Mortirolo mendatearen aldapak. ITALIAKO GIROAK UTZITAKOA
Mortirolo mendatearen aldapak. ITALIAKO GIROAK UTZITAKOA
Julen Etxeberria.
2026ko azaroaren 3a
15:16
Entzun 00:00:00 00:00:00

Italiako Giroaren antolatzaileek gustuko dute txirrindulariak ahalegin betean aritzera behartzea. Ondo merezia dute ospe hori, urtero prestatzen baitituzte oso ibilbide gogorrak. Horregatik da Giroa proba oso kutuna txirrindularitzazaleentzat. 

Ez da aldatu behar arrakasta duena, eta 2027ko bi probek, gizonezkoenak eta emakumezkoenak, gogortasunaren aldeko aspaldiko joera horri eutsiko diote. Gaur aurkeztu dituzte bi ibilbideak, Erroman, eta biak oso gogorrak dira. Beste behin, txirrindulariak ahalegin betean aritzera behartuko dituzte.

Gizonezkoen proba maiatzaren 8tik 30era jokatuko dute. Italian hasiko da, Triesten, eta hori bada albistea, azken bi urteetan Italiatik kanpo hasi baita Giroa: Albanian duela bi urte, eta Bulgarian iaz. Bukatu, berriz, Erroman bukatuko da, bosgarrenez jarraian. 21 etapa jokatuko dituzte, eta bi egunetan hartuko dute atseden. Zazpi etapa bukatuko dituzte mendate batean, eta 56,9 kilometro egingo dituzte erlojuaren aurka, kronoigoera batean eta ohiko erlojupeko batean banatuta. 3.418,9 kilometro egingo dituzte guztira, eta 50.250 metroko desnibel positiboari aurre egin.  

Italian hasiko da Giroa, baina berehala joango da beste herrialde batera, bigarren etapa Eslovenian jokatuko baita osorik: Ljubljanan hasiko da, eta Koperren bukatu. Helburua Tadej Pogacar limurtzea da, esloveniarrak parte har dezan. Pogacar behin baino ez da aritu Giroan, 2024an, eta irabazi egin zuen.

Bosgarren etapan jokatuko dute mendiko lehen saioa, Filottranon hasi eta Sassosetto gainean bukatuko dena. Filottranokoa zen Michele Scarponi, eta datorren urtean hamar urte beteko dira entrenatzen ari zela auto batek harrapatuta hil zela. Giroaren antolatzaileek hura omendu nahi izan dute. 

Bi egun geroago, lehen erlojupekoa jokatuko dute: 19,6 kilometroko kronoigoera, Sulmona eta Campo di Giove artean. Saioak batez beste %4ko pendiza du. Astea bukatzeko, berriz, mendiko etapa jokatuko dute Itri eta Monte Livaca artean: azken gaina 13,9 kilometro da luze, eta batez beste %6,9ko pendiza du. Txirrindulariek eskertu egingo dute lehen atseden eguna.

Hurrengo astearen arreta asteburuan egongo da jarria. Larunbatean, mendiko etapa gogorra jokatuko dute Cantu Arena eta Piani di Bobbio-Valtorta artean. Azken gaina hamar kilometro da luze, eta batez beste %9ko pendiza du. Bezperan neke handia pilatu eta gero, 37,3 kilometroko erlojupekoa jokatuko dute igandean, Milan inguruan, Monzako zirkuitutik hasita.

Azkenekoz atseden hartu eta gero, azken asteari ekingo diote txirrindulariek. Komeni zaie indarberritzea, azken astean jokatuko baitituzte etaparik gogorrenak. Atseden hartu eta biharamunean, etapa ikaragarri gogorra jokatuko dute Sondrio eta Aprica artean. Lau urteren ostean, berriro igoko dute Mortirolo —12,8 kilometro eta %10,1—. Bitan igoko dute. Hori aski ez, eta tartean Gavia igoko dute —16,5 kilometro eta %8—, eta, bukaeran, Aprica. 6.000 metro inguruko desnibel positiboa du etapa horrek.

Txirrindulariei beste bi etapa gogor geratuko zaizkie oraindik: hemezortzigarrenean, Madona di Campiglio mendatean bukatuko dute saioa —12,5 kilometro eta %5,7—, eta, azken-aurrekoan, Zoncolanen —10,1 kilometro eta %11,9—. 2021ean igo zuten azken aldiz mendate hori. Bukatzeko, azken etapa pasio baten antzekoa izango da, Erroman.    

Emakumezkoek ere mendate asko

Emakumezkoen proba, berriz, maiatzaren 29tik ekainaren 6ra jokatuko dute, hau da, iaz bezala, bi egunez Giroko bi probak jokatuko dituzte aldi berean. Emakumezkoena Italian jokatuko da osorik. Viareggion hasiko da, eta Monte Biancon bukatu. Bederatzi etapa jokatuko dituzte, eta ez dute atseden egunik izango. 1.132 kilometro egingo dituzte, eta 17.450 metroko desnibel positiboari egingo diote aurre.

Mendiko hiru etapa jokatuko dituzte. Laugarrena eta seigarrena mendate batean bukatuko dituzte: laugarrena, Passo della Presolanan —11,7 kilometro luze eta %5,4ko batez besteko pendiza—; eta seigarrena, berriz, Madesimo-Valle Splugan —19,3 kilometro luze, eta %6,3ko pendiza—. Azken etapa ere mendikoa izango da, baina ez da gain batean bukatuko. Colle San Carlo izango da igoko duten azken mendatea. Oso gogorra da: hamar kilometro luze, eta %9,8ko pendiza. Hori aski ez, eta azken-aurreko etapan 11 kilometroko kronoigoera bat jokatuko dute. Saio horrek %4,2ko pendiza du. 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA