Behar zen garaian azaldu da Vingegaard

Aise nagusitu da danimarkarra Pila mendatean, erasoa jo eta bakar-bakarrik helmugaratu baita. Maglia arrosa jantzi du Vismako ziklistak, eta litekeena da aurrerantzean zuhurtziaz jokatzea aski izatea Giroa irabazteko.

Jonas Vingegaard, elastiko arrosa jantzita. LUCA ZENNARO / EFE
Jonas Vingegaard, elastiko arrosa jantzita. LUCA ZENNARO / EFE
jon eskudero
2026ko maiatzaren 23a
18:36
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iragarpenak bete ondoren, Jonas Vingegaard (Visma) nagusitu da Pila mendateko helmugan, Italiako Giroko 14. etapan. Orain arte gorputzaldiz erdipurdi ibili eta gero, behar den garaian azaldu da danimarkarra, eta ez du aurkaririk izan. Visma taldeak kontrolpean izan du lasterketa hasieratik: erritmo bizia ipini du tropelean, eta ihesaldiari ez dio ezertarako aukerarik eman. Bada, taldeko liderrak ez du hutsik egin azken mendatean, eta ederki biribildu ditu lanak. Helmugarako lau kilometro eta erdi falta zirela jo du erasoa, eta nahierara sartu da helmugan. Erraz joan da bizikleta gainean, sufrikario handirik gabe, eta, gainera, erabat bideratuta utzi du Giroa. Aurrerantzean, litekeena da  zuhurtziaz jokatzea aski izatea Vingegaardek itzuliaren jabe egiteko.

Etapa laburra bezain bizia izan da Aosta eta Pila artekoa, 133 kilometrokoa. Etapa bost mendatez josia egonik, igotzaileentzat egun aproposa izango zela jakina zen, eta hasieratik nagusitu dira mugimenduak aurrean. Berehala sortu da eguneko ihesaldi nagusia. Saint-Barthelemy eguneko lehen mendateko gainean 28 ziklistako taldea igaro da lasterketa buruan. Taldea murriztuz joan da mendateak igaro ahala. Besteak beste, Douesen 23 ziklistako multzoa igaro da gainean, eta Lin Noirren, hemezortzikoa. Verrogne mendatea izan da eguneko laugarrena, eta hor indartsuenak soilik igaro dira buruan.

Hain zuzen ere, ziklista garrantzitsuak ibili dira ihesaldiaren muturrean: Einer Rubio eta Enric Mas Movistarrekoak, Giulio Ciccone (Lidl-Trek), Aleksandr Vlasov (Red Bull-Bora), Wout Poels (Roce Rockets)... Ahaleginak eta bi egin dituzte ihesaldiari eusten, eta sua nagusitu da haien artean. Sokatira polita nagusitu da iheslarien eta tropelaren artean, baina Vismak ez du ezertarako baimenik eman. Bahrein taldea ere batu zaio lanera batzuetan Vismari, eta bistakoa zen lehenago edo geroago amore eman beharko zutela iheslariek. Bi talde horien elkarlanak fruituak eman ditu. Nabarmentzekoa izan da Victor Campenaertsen (Visma) lana, berak bakarrik gidatu baitu tropela kilometro luzez.

Pila eguneko azken mendateak jarri du txirrindulari bakoitza zegokion tokian. Helmugarako zortzi kilometro falta zirela, atzean geratu da besteak beste Alfonso Eulalio (Bahrein) ordura arteko liderra. Bost kilometro falta zirela, berriz, abentura amaitu zaie ihesaldian jardun direnei. Bada, orduantxe jo du erasoa Vingegaardek, helmugarako lau kilometro eta erdiren faltan. Atzetik aurrera nahi bezala egin du danimarkarrak, eta inork ez du gaitasunik izan haren gurpilari jarraitzeko. Jokabidez eta sasoiz askoz hobeki azaldu da irabazlea, eta gainerakoak baino bizpahiru koska gorago dagoela nabarmen geratu da. Erdi gaixorik ibili ondoren, erabat sendatu dela erakutsi du, eta merezita poltsikoratu du denboraldiko bederatzigarren garaipena. Visma taldearentzat hemeretzigarren garaipena izan da.

Visma indartsu dago

Etapa garaipena lortzeaz gain, maglia arrosa ere jantzi du Vingegaardek, eta, hemendik aurrera, baliteke zuhurtzia pixka bat edukitzea aski izatea Giroa irabazteko. Ez du erakustaldirik eman beharrik. Giroa gogortu denean azaldu du bera dela indartsuena, eta, gainera, bizkarrak ezin hobeki babestuta dauzka. Visma indartsu dago, ez du arazorik erantzukizuna bere gain hartzeko, eta lasterketa kontrolpean izatea izango du helburu aurrerantzean. Pozik hitz egin du danimarkarrak helmugan: «Taldekideek egindako lanaz oso harro nago. Aurrez idatzia genuen gidoia ederki bete dugu, eta planak hutsik egin ez duela jakitea lasaigarria da. Oso ongi sentitu naiz etapa guztian, eta erasoa jo dudanean ez dut nekerik sumatu. Maglia arrosari eutsi behar diot orain».

Etapari dagokionez, Felix Gall (Ag2r) helmugaratu da bigarren postuan, eta Jai Hindley (Bora) hirugarrenean. Biek ala biek goi mailako igoera egin dute Pila mendatean. Hori bai, inork ez du lortu sailkapen nagusian bigarren jartzerik, Eulaliok eutsi egin baitio postu horri. Euskal ordezkariek ere goraipatzeko lana egin dute. Igor Arrieta (UAE) 23. postuan helmugaratu da, eta Markel Beloki (Education) 26.ean. Etapa menditsua igaro ondoren, tropelak egun lasaiagoa izango du bihar, Voghera eta Milan artean. Ondo bidean, esprintean erabakiko da irabazlea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA