Itsaso zakarra ikuskizunaren eta ezustekoen berme da arraunean. Olatuak eta haizea protagonista izan dira Eusko Label Ligako seigarren jardunaldian, Orion (Gipuzkoa), eta liderrak erakutsi du baldintza horietan ere sendo dabilela. Oriok denboraldiko laugarren bandera etxean astindu du, eta sari bikoitza izan du gainera, Zierbenarekiko tartea nabarmen handitu baitu sailkapen nagusian.
Lekittarra-k eman du eguneko ezustekoa, lehen txandan. Hasieratik aurrea hartu, eta amaieraraino eutsi dio aldeari. Azken luzean nabarmendu da bereziki; olatu gainean fin ibili dira bizkaitarrak, eta denborak dira horren erakusgarri: azken ziabogan bederatzi segundoren abantaila zuen Lekittarra-k Aresekiko, eta amaieran 25 segundo gutxiago behar izan ditu. 39 segundo atera dizkio Kaikuri, eta 44 Cabori.
Bigarren txandan haizea oldartu egin da, batez ere lehen luzeetan, eta txanda horretakoei tokatu zaie arraunean egiteko girorik txarrena. Donostiarrak eta Urdaibaik berehala zabaldu dute San Juanekiko eta Ondarroarekiko tartea, eta oilarren arteko lehian hobeto moldatu dira gipuzkoarrak. Pixkanaka, areagotu egin dute Bou Bizkaia-rekiko abantaila, eta, Lekittarra-k bezala, azken luze bikaina egin dute.
Donostiarrak Bermeok baino hogei segundo gutxiago behar izan ditu lanak amaitzeko, baina horrek ez dio balio izan lehen txandako irabazlearen denbora hobetzeko. Bermeok ere Aresen atzetik amaitu du, bi segundogatik, baina baldintza kaskar horien biktima nagusiak San Juan eta Ondarroa izan dira: eurek markatu dituzte eguneko denborarik eskasenak.
Orioren kolpea
Azken txandan, egonkortu egin da haizea, eta, baldintza horietan, Orio nabarmendu da. San Nikolas ederki egokitu da etxeko estropada eremu konplikatura, eta erakutsi du itsasoan Zierbena baino hobeto moldatzen dela.
Hondarribia izan du gertuen Oriok, baina pixkanaka tartea zabaldu dute etxekoek: lehen ziabogan segundo bat, bigarrengoan bederatzi, hirugarrengoan hamahiru eta helmugan 27. Olatu gainean eta zaleen txalo artean iritsi da San Nikolas Orioko barraren parera. Azkenean Lekittarra izan da bigarren, Hondarribia hirugarren, laugarren Donostiarra eta bosgarren atzo Pasai Donibanen nagusitu zen Zierbena.
Ondorioz, sailkapen nagusian zuloa handitu du Oriok; 69 puntu ditu orain, eta 62 ditu Zierbenak. Donostiarra hirugarren da —54 puntu ditu—, Hondarribia laugarren —53 puntu—, eta Urdaibai bosgarren —51 puntu—. Lekittarra-k sekulako jauzia egin du: hamargarren postutik zazpigarrenera, gaur bildutako 11 puntuei esker.