Estropada eremu berezia zen gaurkoa, eta halaxe utzi du sailkapena ere. Esperotako sailkapena aldatu egin da, haizea harrotu egin baita nabarmen estropadak aurrera egin ahala. Hori dela eta, Zierbenak irabazi du IV. CMO-Valves bandera, 19.52,48ko denborarekin, eta bigarrena Orio izan da, sei segundoren atzerapenarekin.
Aitor Lazkano Zierbenako patroiak adierazi gaurko estropadara moldatu beharra zegoela, eta asmatu dute hori egiten: «Bagenekien estropada osoa egiten genuen egunean irabazi egingo genuela, eta hala egin dugu gaur». Poztu da, beraiek irabazi dutenez, ligaren sailkapenari gatza eta piperra jarri ahal izan diotelako.
Gaurko estropada eremuak izan du badiatik eta baita itsasotik ere: gizonezkoen buia ohi baino urrunago zegoen, eta bokaletik atera behar izan dute ontziek, estropadan eman beharreko ziaboga bakarra emateko. Eta badiatik haragoko ura nabarmen zakar zegoen.
Itsasoaren egoerari haizea batu zaio, eta azkarrenak ez dira espero zirenak. Onenek ziaboga eman dutenean nabaritu da, eta amaierako emaitzek berretsi egin dute gaurko egunaren berezitasuna. Sailkapenean nagusi den Orio Zierbenarekin borrokan aritu da joanekoan, baina bueltakoan tartea handitu ahal izan dute bizkaitarrek.
Zierbenaren eta Orioren ondoren, bigarren txandako Hondarribiak egin du denbora onenetan hirugarrena, eta laugarren postuan geratu da Getaria. Ohorezko txandako hirugarrenak, Donostiarrak, bosgarren egin du; Getariak baino segundo bat gehiago behar izan du.
Urdaibairengan ere eragina izan du eremuak, denbora gehiago behar izan baitu estropada amaitzeko, eta zazpigarren postua lortu dute; are, bi segundo aurretik sartu zaio lehen txandako San Juan.
Olatuak lagun
Hiru tarte izan ditu estropadak: badia barrukoa, bokalekoa eta itsasokoa. Bokaletik atera eta berehala metro inguruko olatuak izan dituzte itsasoan, eta hori baliatzen jakin dute sanjoandarrek, bereziki itzuliko luzean. Orduan hartu dituzte ontzi askok olatu gehien, haizea alde zutela.
Olatu bat zukutzeari esker atera ahal izan dio etxeko Erreka traineruak tarte handiagoa Isuntzari. Bizkaitarrek zazpi segundo gehiago behar izan dituzte helmugara heltzeko.
Bien artean sartu da Ondarroa. Haien arraunkeran bereziki nabaritu da haizea saihesteko ahalegina, gehiago etzan baitira, eta luze egin baitute arraun. Haien bizilagunek, lekeitiarrek, segundo bat gehiago behar izan dute eguneko lana amaitzeko. Haiek baino bi segundo gehiago behar izan ditu Aresek; pattal egin du gaurko estropada.
Kaiku eta Cabo hasieratik joan dira atzean, eta, estropada aurrera joan ahala, tartea are gehiago handitu da. Azken postuan geratu dira: hamaikagarren bizkaitarrak, Aresengandik hamalau segundora; hamabigarren, galiziarrak, Bizkaitarra ontzitik hemeretzi segundora.
Bihar seigarren jardunaldia jokatuko dute Euskotren ligako eta Eusko Label ligako ontziek, Orion (Gipuzkoa). Itsasoko estropada izango da, ohi bezala, lau kaletan eta hiru txandatan banatuta, gaurko jardunaldiko sailkapenaren arabera.
Azkenekoz, aurreko larunbatean izan ziren goi mailako traineruak itsasoan, eta sailkapen orokorreko aurreikuspenak aldarazi zituzten: faboritoek ez zuten banderarik lortu. Ikusteko dago Orioko Kanpina bandera irabazteko lehian antzekorik gertatuko den.