Iturraspe: «Sasoi honetako lanak izan behar du jarraibidea»

Erdilari zornotzarrak eta Javi Martinezek adierazi dute Europako Liga galdu arren taldea erabat suspertu dela

Erredakzioa
Bilbo
2012ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Astebete falta da Espainiako Kopako finalerako, eta Athleticeko eta Bartzelonako jokalariak egun seinalatuari zuzenean begira jarriak dira dagoeneko. Denboraldiko bigarren finala izango da zuri-gorrientzat, eta ez dute hutsik egin nahi. Europako Ligako finala galdu izanak eta horrek taldeko jokalariengan izan zezakeen eraginak kezka handia eragin du azken egunetan.

Atzoko lan saioaren ondoren, komunikabideen aurrean agertu ziren Ander Iturraspe eta Javi Martinez jokalariak, eta ondo baino hobeto isilarazi zituzten zurrumurru guztiak. Biek esan dute taldea erabat suspertu dela. Iturrasperen esanetan, gainera, «lasai eta konfiantzaz egoteko» motibo asko dituzte. «Sasoian egin dugun lanak izan behar du gure jarraibidea. Lasai egon behar dugu. Finalean ondo joka dezakegula pentsatu behar dugu. Argi dago batek bere buruarengan konfiantzarik ez badu ez duela inork berarekin izango».

Javi Martinezen arabera, Atletico Madrilen aurkako finalean egindako hutsak zuzentzea izango da gakoa. «Finala galdu izanaren arantza ez dugu atera oraindik. Ez genuen gure mailarik onena eman. Emaitza on batek asko balioko digu sinisteko eta finalera iritsi izana ez zela kasualitate hutsa izan pentsarazteko. Gure jokoa eta estiloa erakutsi behar ditugu eta, ahal bada, baloia guk izaten saiatu».

Duela hiru urte jokatu zuten finalaren antz gutxi izango du hilaren 25ekoak. Bi taldeek, halere, ezin hobeto ezagutzen dute elkar. Bartzelona izango da titulua irabazteko gehienen faboritoa, eta Iturraspek berak ere hala aitortu zuen atzo. «Argi dago Bartzelona dela faboritoa. Ikusi besterik ez dago zer-nolako jokalariak dituen. Dena den, partida batera gauzak asko alda daitezke, eta badakigu alde horretatik aukeraren bat izan dezakegu- la».

Marcelo Bielsa entrenatzaile argentinarra mimoz ari da finala prestatzen. Ez fisiko aldetik bakarrik, baita buru aldetik ere. Garrantzitsua izango da, Javi Martinezek esan bezala «kolpe gogorra» jaso baitzuten Europako Ligako finala galduta. Nafarra konfiantzaz gainezka dago, hala ere. «Kopa irabazteko baldintzak betetzen ditugu, eta jokalari onak ere baditugu. Zergatik ez dugu lortuko?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.