ADOS PILOTA

Iturriagak eta Galeanok irabazi dute Plazaz Plaza txapelketa

Pilotariei kosta egin zaie tantoak egiteko pilotakada zailak egitera arriskatzea. Gaurkoarekin, bi txapel irabazi ditu Galeanok aste batean.

ITURRIAGA
Iera Iturriaga, Donamarian, pilotakada bat jotzen. JON URBE / FOKU
inaut matauko rada
2025eko urriaren 4a
19:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iera Iturriagak eta Leire Galeanok eraman dute etxera Plazaz Plaza txapela, Maddi Barrokal eta Ane Mendiburu 22-15 garaituta, Donamarian (Nafarroa). Finala estu joan da gorriak 17-15 irabazten ari ziren arte, baina, 5-0eko partzialarekin, txapela etxeratu dute gorriek. Galeanok borobildu egin du bolada ona, joan den astean ere beste txapel bat irabazi baitzuen.

Kosta zaie lau pilotariei pilotakada arriskutsuak jotzen saiatzeari ekitea, eta hasierako tanto asko oso luzeak izan dira. Atzelarien arteko joko segurua lehenetsi dute finalaren hastapenean, eta gorriak atera dira garaile hasieran joko horretan. Hala, Mendibururen huts batzuk direla eta, 6-3 irabazten jarri dira Iturriaga eta Galeano, baina arriskatzen hasi direnean aldatu egin da. Mendiburuk ezustean harrapatu du Iturriaga, pilota zabalera jaurtita ezker bolea batekin, eta 6-4 jarri du markagailua. Hurrengoa txapatik behera bota du Mendiburuk, baina jarraian bi tanto egin dituzte urdinek, 7-6ra gerturatuz. Hala ere, bertsio onena erakutsi duten hurrengo minutuetan gorriek, eta tartea 6-10era zabaldu dute.

Jarraian, Iturriaga eta Galeano aurrean geratu diren une batean, Barrokalek ondo aprobetxatu du aukera, pilota atzera botaz eta markagailuko tartea hiru tantora jaitsiz: 10-7. Sakez egin du hurrengo tantoa Barrokalek, finala irabazteko hautagai direla erakutsiz berriro. Barrokalek, gainera, tanto hori pilota ezkerparetaren eta lurraren arteko txokora botaz egin du, botea motelduz; hori bera aurreikusi zuen BERRIAri emandako adierazpenetan: «Donamariako plaza oso berezia da: pilota asko sartzen da ezkerparetan, eta bote arraroak egiten ditu lurrean».

Hurrengo tantoa ere luzea izan da, eta Galeano dejadaz tantoa egitera joan bada ere, txaparen azpitik bota du, 10-9ekoa jarriz markagailuan. Asko gerturatzen ari ziren urdinak, baina Iturriagak pilotakada gogor batez aukerarik gabe utzi du Barrokal, bi tantoko aldea eta sakea berreskuratuz. Lan erdietan, berriro hirura igo du tartea Iturriagak: 12-9.

Tantorik luzeena

Gutxinaka gaiztotuz joan diren tanto luze horietako bat izan da hurrena ―ia hiru minutu luze izan da―, eta Mendiburuk goiko txapatik gora botata amaitu da, gorriak txapelera gerturatuz. Bolada ona izan dute gorriek, eta 14-9ra iritsi dira urdinek tanto bat berriro egin aurretik. Galeanori bote txikiko pilota bota dio Barrokalek, eta ez du altxatzea lortu: 14-10. Hala, partida ez joatea lortu dute urdinek, tarte batez bada ere. Hurrengoa ere urdinentzat izan da, Iturriagak ez baitu lortu lau eta erdikotik pilota bat eramatea.

Hurrengo tantoan kantxako beteranoa dela erakutsi du Iturriagak, zabalean pilota goxo utzita; Barrokal ezin izan da iritsi, eta lauko tartea berrezarri dute markagailuan gorriek, baita sakea berreskuratu ere: 15-11. Beste tanto luze bat izan da hurrena, Barrokalek berriro ondo eramatea lortu ez duena, eta urdinei txapela urruntzen hasi zaie, tartea bostera handitu baitute berriro gorriek.

Txapela eskuratzeko ametsa zapuzten ari zitzaiela zirudiela, jokaldi luze baina polit batekin 12. tantoa egin dute urdinek, Barrokalen eskutik. Pilotakada luze eta nekagarri asko egin badituzte ere, etenaldirik ez dute eskatu pilotariek ordura arte. Behin indarrak hartuta, atsedena hartu aurretik bezala, Barrokalek tantoa egin du, eta 13-16koa jarri dute markagailuan. Hurrengoa, baina, gorriena izan da, eta berriro tartea handitu dute: 17-13. Barrokalek, baina, bolada onari eutsiz, bi pareta gogor bat jota, eta, hurrengoa Iturriagak huts eginda, bira murriztu dute berriro tartea urdinek: 17-15.

Urdinak partida berdintzeko gertu zirela zirudiela, 5-0eko partziala egin dute gorriek txapela eskuratzeko. Lehenik Barrokali, eta gero Mendibururi hiru aldiz jarraian, txaparen azpitik joan zaie pilota urdinei dejadak egiteko asmoz, eta azken tantoa Barrokalek egin du huts, txapa jota. Hala, azken txanpa bikain batekin, Plazaz Plaza txapela eraman dute etxera Iturriagak eta Galeanok, 22-15 irabazita.

ZABALA PASAtu DA LIGAXKARA, OZTA-OZTA

Dario Gomez eta Javi Zabala errioxarrak Sorian (Espainia) egin dute gaur topo, lau eta erdiko txapelketako final-laurdenetako ligaxkarako sailkatzeko, eta Zabala pasatu da, 22-19 irabazita. Hasiera kaskarra egin du Dariok, eta une batean 20-10 galtzen ere ibili da. Hala ere, buelta ematear egon da, 21-19ra iritsi baita, baina sakea luze joan zaio azken unean, eta Zabalari eman dio garaipena.

 

Bihar itxiko da ligaxka, Larrazabal eta Zubizarreta III.aren arteko norgehiagokarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.