Itxakok berriro galdu du Errumanian, eta EHF kopatik kanpo geratu da

Lizarrako taldeak ez du aukerarik izan Zalauren aurka, eta 27 golen aldeaz galdu du kanporaketa

Julen Etxeberria.
2013ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Kito. Amaitu da Itxakoren bidea Europan. Lizarrako taldea EHF kopatik kanpo geratu da, final-laurdenetako bi partidak galdu baititu Errumanian. Herenegun, zortzi golen aldeaz galdu zuen Zalauren aurka joaneko partidan (23-31). Emaitza horrekin ia-ia lehiaketatik kanpo zegoen Itxako, are gehiago itzulikoa ere Zalauren pistan jokatuko zela kontuan hartuta —nafarrek ez dute nahiko dirurik Europako partida bat etxean jokatzeak dakartzan gastuei aurre egiteko—. Baten batek gogoratuko zuen lizarratarrek hamahiru golen aldeari buelta eman ziotela final-zortzirenetan Cankaya Turkiako taldea kanporatzeko, eta orduan ere kanporaketako bi partidak etxetik kanpo jokatu zituztela nafarrek. Baina atzo ez zen horrelakorik gertatu, ezta antzekorik ere. Zalauk astindu latza eman zion Itxakori, eta hemeretzi golen aldeaz irabazi (39-20). Hala, azkenean, 27 golen aldeaz nagusitu da Errumaniako taldea (70-43).

Itxakok jada ez du gehiago jokatuko denboraldi honetan Europan. Auskalo noiz izango den hurrengo aldia, iragana baita Lizarrako taldea Espainiako Ligan eta Europako lehiaketetan nagusi zen garaia. Orain, mailari eustea du helburu. Hori lortuta, arrakastatsua izango litzateke sasoia. Izan ere, horri EHF kopan egindako lan bikaina gehitu beharko litzaioke: final-laurdenetara iritsi da Itxako, kanporaketa guztietako partidak Lizarratik urrun jokatu arren. Ez du ez meritu makala Lizarrako taldeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.