US Postalek ederki baliatu du bere aukera. Roberto Heras txirrindulari segurua da. Hura saiatu da Aubisquen gora, eta Beltran Cauteretsen. Bete-betean sartu da Beltran orain lasterketan. Nabarmentzekoa da Nozalek egin duen lan ikusgarria ere, baina talde osoarena azpimarratuko nuke. Pradera, Jacksche, Serrano, Azevedo, Rodriguez... bikain aritu dira Igorri [Galdeano] laguntzen eta ihesaldi arriskutsuak saihesten.
Heras eta Beltran aurrean dabiltza, baina ez nuke esango lasterketak kolore urdina hartu duenik. Gurpilean joatea erraza da. Lan egitea, egun osoan tropelburuan joatea, ez hainbeste. Gero, US Postalek mendian gora egurrean aritzeko oso talde onik ez duela ikusi dugu gaur, eta Galdeano eta Nozal gainditu nahi badituzte, Herasek eta Beltranek berak hartu beharko dute lasterketa txikitzeko ardura. Beltran aurrean dabil, baina ez dut bere onenean ikusi. Unai Osak aurrera egin du tropeletik, eta Beltran eta Perezengandik oso gertu helmugaratu da.
Igorrekin beldur pixka bat hartu dut. Cauteretseko helmugan arnasestuka, eztularekin helmugaratzen ikusi dut, eta beldurtu egin nau horrek. Cauterets ezagutzen dut, eta ez da mendate txarra Igorrentzat. Onenen multzo horretatik hura iritsi da justuena. Ez naiz ezkor, itxaropena dut Igorrekin, baina pentsakor geratu naiz etapa bukatu ostean.
Atzoko etapako matematikak errazak dira. Onenak aurrean ibili ziren. Kito. Ez dago besterik. Gaur zeharo ezberdina izango da bilakaera, osteguneko, atzoko eta gaurko nekea nabaritzen hasiko direlako asko. Ihesaldiren batek bidea egingo duela uste dut, baina US Postalek mugitu beharra dauka beste behin. Hiru aukera zi tuen atzo, eta lehenengoari ez diote pentsatzen zuten etekina atera. Heras ondo dagoela ikusi da Aubisquen. Non mugituko ote den da kontua. Pla de Beret berandu izan daiteke erasotzeko, Herasentzat batez ere, baina Peyresourden eta Portillonen mugitzeko ere adorea behar da. Adorea eta indarra.
NIRE VUELTA
Itxaropentsu nago, baina...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu