Txirrindularitza

Del Toro, Ayuso eta Seixas izango dira izar nagusiak Itzulian

Alaphilippe, Roglic, Skjelmose eta Martin ere bertan izango dira. Euskal txirrindulariei dagokienez, Ion Izagirre azken aldiz lehiatuko da Itzulian.

Isaac Del Toro aurtengo Tirreno-Adriatikoan. ROBERTO BETTINI / EFE
Isaac Del Toro aurtengo Tirreno-Adriatikoan. ROBERTO BETTINI / EFE
ainara arratibel gascon
2026ko martxoaren 26a
14:18
Entzun 00:00:00 00:00:00

Duela hilabete pasatxo aurkeztu zuten Euskal Herriko Itzuliaren ibilbidea, eta gaur, ibilbide horretan ikuskizuna emango duten txirrindulari nagusien izen zerrenda eman dute antolatzaileek. Lasterketa apirilaren 6tik 11ra jokatuko dute, eta, irabazteko hautagaien artean hiru txirrindulari nabarmendu behar dira: Isaac del Toro mexikarra (UAE), Juan Ayuso kataluniarra (Lidl Trek) eta Paul Seixas frantziarra (Decathlon).

Azken bi urteetan UAEk irabazi du Itzulia: 2024an, Ayusok irabazi zuen, eta, iaz, Joao Almeida portugaldarrak. Oraingoan, ordea, Del Toro izango da Josean Fernandez Matxinek zuzentzen duen taldearen burua. Ayusok lehen Itzulia izango du Trek taldearekin, eta bigarrenez podiumaren gorenera igotzen ahaleginduko da. Seixas, berriz, txirrindularitzako izar berria da. 19 urte baino ez ditu, eta ikusgarri ari da; afizionatuetan erakutsitakoa berresten ari da. Berriki Flandrian Zehar klasikoa irabazi du, eta bigarren izan da Strade Bianchen.

Guztira 154 txirrindulari izango dira tropelean. Nabarmendu beharreko beste txirrindulari batzuk hauek dira: Magnus Cort Nielsen (Uno-X Mobility), Julian Alaphilippe (Tudor) Primoz Roglic (Red Bull), Matthew Riccitello (Decathlon), Mattias Skjelmose (Trek) eta Guillaume Martin (FDJ).

Euskal txirrindularien artean Ion Izagirre (Cofidis) aipatu behar da. Azken aldiz lehiatuko da Itzulian, erretiroa hartuko baitu sasoi amaieran. Bertan izango dira, halaber, Mikel Landa (Soudal), Pello Bilbao (Bahrain), Markel Beloki (Education First), Igor Arrieta (UAE), Oscar Rodriguez (Ineos), Haimar Etxeberria (Red Bull), Alex Aranburu (Cofidis), Unai Iribar (Kern Pharma), Julen Arriolabengoa (Caja Rural) eta Ander Okamika (Burgos BH), besteak beste. Euskatel-Euskadi taldea, berriz, euskal txirrindulariz osatuta egongo da: Jon Agirre, Nico Alustiza, Mikel Bizkarra, Txomin Juaristi, Jonathan Lastra, Gotzon Martin eta Iker Mintegi. 

Guztira 22 talde lehiatuko dira; horietatik hamasei izango dira World Tourrekoak, eta sei, Pro Team mailakoak. Ibilbidea duela aste batzuk aurkeztu zuten. Ohi bezala, sei etapaz osatuta egon da, eta gogorra eta gorabeheratsua izango da. Txirrindulariek 809,6 kilometro egin beharko dituzte, eta 29 mendatetara igo: lau lehen mailakoak, zazpi bigarrenekoak eta hemezortzi hirugarrenekoak. Hala, txirrindulariek 16.154 metroko desnibel positiboari aurre egin beharko diote. Helmugan gainsariak izango dira: hamar, sei eta lau segundokoak. Red Bull kilometroa ere izango da, bigarren etapatik aurrera. Etapa bakoitzeko toki jakin batean egongo da kokatuta, eta sei, lau eta bi segundoko gainsariak izango dira. 

Amaiera Bergaran, ez Eibarren

Iaz bezala, Bilbon hasiko da aurten ere, baina ez da ohiko lekuan amaituko. Lasterketa Bergaran (Gipuzkoa) bukatuko da Eibarren edo Arrateko gainean bukatu beharrean. 2016az geroztik, urtero amaitu da Eibarren. Iaz bezala, erlojupeko batekin hasiko da Itzulia. Etapa laburra izango da, txirrindulariek 13,9 kilometro egin beharko baitituzte bakarka. Ibilbidea 2021eko berbera izango da. Orduan Roglic gailendu zen. Baina irudia oso bestelakoa izango da aurten. Izan ere, orduan, COVID-19ko pandemia dela eta, publikorik gabe jokatu zen. Oraingoan «festa egun handia» izatea espero dute antolatzaileek, eta zale asko bertaratzea txirrindularien jarduna ikustera eta haiek hauspotzera. Begoñan hasi, San Domingora igo, eta ondoren Bilboko kaleetan barrena lehiatuko dira txirrindulariak. 

Nafarroan ibiliko da tropela bigarren etapan: Iruñetik hasi, eta Mendukiloko kobazuloetara joango dira txirrindulariak. Faboritoek orduan izango dute nabarmentzeko lehen aukera. Izan ere, etapan zehar lau mendatetara igo beharko dute; horietako bat lehen mailakoa izango da: Done Mikel Aralarkoa. Igoerak 9,5 kilometro ditu. Etapak 164,1 kilometro izango ditu guztira. Antolatzaileek jakinarazi dute Mendukilora igotzeko azken kilometro eta erdia itxita egongo dela autoentzat. Beraz, oinez igo beharko da. 

Hirugarren etapa herri berean hasi eta bukatuko da: Basaurin (Bizkaia). Egun horretan soilik igaroko da tropela Arabako lurretatik. Desnibelari erreparatuta, bigarren etapa baino apur bat samurragoa izango da. Baina bukaera gogorra izango da: Basozelai auzoan amaituko da, eta azken 300 metroetan %16-%19ko aldapa igo beharko dute txirrindulariek.

Itzulian askotan aritzen dira elkarlanean txirrindulari ohiekin etapak diseinatzeko. Aurtengoan Igor Antonekin aritu dira. Haren jaioterrian, Galdakaon (Bizkaia), hasiko eta bukatuko da laugarren etapa. Zazpi gainetara igo beharko dute, eta 167,2 kilometro osatu. Txirrindulariak bi aldiz igoko dira Gangurenera, baina bi tokitatik; lehenengorako, asfaltatu berria dute bidea. 

Azken-aurreko egunerako utzi dute Eibarko (Gipuzkoa) etapa. Gogorra, luzea eta aldapatsua izango da: 176,2 kilometro eta 3.841 metroko desnibel positiboa. Baliteke etapa horretan erabakitzea Itzulia nork irabaziko duen. Zortzi mendatetara igo beharko dute txirrindulariek, horietako hiru lehen mailakoak: Azurki, Krabelin eta Urkaregi. Aurten apur bat aldatu dute ibilbidea, batez ere erdialdean: normalean, Bergara aldera jo ohi zuten ziklistek, eta aurtengoan Etumetara igoko dira, Aizarnatik. 

Antzuolan hasi eta Bergaran amaituko da azken etapa, Gipuzkoan: 135,2 kilometro ditu ibilbideak, eta 3.000 metroko malda. Litekeena da talde lanean egotea etapa horretako gakoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!