Itzuliko laugarren etapa modu ikusgarrian irabazi du Alex Aranburuk (Cofidis). Ihesaldi jendetsu batean tokia egin, eta maisuki jokatu du gero, etaparen azken fasean. Bakarrik geratzeko zorian izan da Gangureneko azken igoeran –hiru bider igo dute–, baina eutsi egin dio Tobias Johannessenek (Uno-X). Alabaina, ezkiotarrak bere legea ezarri du azken metroetako aldapa gogorrean. Gauzak oso estu izan dira amaieran, eta Ion Izagirrek ere (Cofidis) irabazteko aukera izan du, atzetik aurrera eginda. Hura izan da faboritoen artean lehena; laugarren izan da, eta Paul Seixas (Decathlon) liderrari lau segundo atera dizkio. Frantziarrak atzean utzi ditu aurkari gehienak, maldan behera. Ez, ordea, Izagirre; ormaiztegiarrak segundo bakarrera du orain podiuma. Euskal ziklisten festa biribiltzeko, Pello Bilbao (Bahrain) seigarren izan da helmugan, eta hamargarren Igor Arrieta (UAE). Hots, lau euskal txirrindulari izan dira hamar onenen artean.
Aranburuk, berriz, hirugarren garaipena du Itzulian. Lehena 2021ean lortu zuen, eta hurrengoa, iaz, Beasainen. Azken garaipen hori ez zuen nahi bezala gozatu, hasieran kendu egin baitzioten, bukaerako biribilgunea okerreko bidetik hartu zuelakoan. Azkenean irabazletzat jo zuten, baina Aranburuk ezin izan zuen arrakasta merezi bezala dastatu. Gaur, ordea, gozatu handia hartu du helmuga zeharkatu eta gero, baita aurretik ere, maisulana egin baitu ihesean. Garaipena garesti egon da, txirrindulari askok egin baitute ihes tropeletik. Haatik, ezkiotarra izan da denen artean indartsuena, eta adimena ere baliatu du: behar zenean egin du eraso.
Ezkiotarraren gozamena bete-betekoa izan da, Izagirre taldekideak ere etapa aparta osatu baitu. Ormaiztegiarrak bertan ditu jada podiumeko postuak. Paul Seixasek ere (Decathlon) aurpegia eman du azken txanpan: maldan behera nabarmendu da gaur, eta hautagaien artean, Izagirrek eta Pello Bilbaok (Bahrain) jarraitu dute bakarrik. Frantziarrak 20 segundo atera dizkie Primoz Roglici (Red Bull) eta Florian Lipowitzi (Red Bull), sailkapenean atzetik dituen bi txirrindulariei. 2.19ra eta 2.28ra ditu orain. Izagirrek, berriz, 2.29ko atzerapena du. Laugarren izan da etapan, Aranbururen, Johannessenen eta Christian Scaroniren (Astana) atzetik.
Etaparen gogortasunak xaxatu egin ditu txirrindulariak, kikildu beharrean. 3.200 metroko desnibela gainditu behar izan dute, guztira zazpi mendate igota. Atseden hartzeko apenas izan den tarterik, malda ugarien eta erritmo biziaren eraginez. Ihesaldia sortzea ezinezkoa izan da lehen kilometroetan, eta azkenean, Brandon McNultyk (UAE) aurrea hartu du Jatan, eguneko hirugarren mendatean. UAEk plana aldatu behar izan du, Isaac del Torok bezperan agur esan ondoren. Juan Ayusok ere (Lidl) etxerako bidea hartu du; arazo fisikoak izan ditu egunotan, eta erori egin da gaur. Hortaz, Seixas da lasterketaren aurretik aipatzen ziren hiru hautagai nagusietatik lehian jarraitzen duen bakarra.
McNultyren atzetik, eztanda egin du tropelak, eta bitan zatitu da. Hala, aurrera egin du 33 txirrindulariko multzo jendetsu batek. Seixas ez zen bertan, baina ez zuen zertan kezkatu: faboritorik ez zen iheslarien artean. Horren ordez, ehiztari fin asko elkartu dira aurrean: horietako bat zen Aranburu, eta aldamenean zituen, besteak beste, Johannessen, Scaroni, Ben Healy (Education), Quinn Simmons (Lidl), Marc Soler (UAE), Juanpe Lopez (Movistar) eta Guillaume Martin (Cofidis). Euskal ziklistak ere jolaserako gogoz ziren: tropeletik hanka egin dute, Aranburuk ez ezik, Haimar Etxeberriak (Red Bull), eta Gotzon Martinek, Txomin Juaristik eta Jonathan Lastrak (Euskaltel-Euskadi).
Kilometro askoan, McNultyk ez du inoren erreleborik behar izan, eta ia bi minutura zituen beste iheslariak helmugatik igaro diren lehen aldian, Gangurenera bidean. 67 kilometro geratzen ziren etapa amaitzeko, eta gauzak nahiko bare ziren oraindik oilarren saldoan; Gangureneko tontorrean lau minutuko atzerapena zuten. Igoera horri beste bi aldiz egin behar zioten aurre. Jarraian, hogei kilometro zituzten ordekan, eta indarrez hustu egin da McNulty; hainbeste, ezen harrapatu egin baitute berriz ere Ganguren igotzen hasi aurretik. Tropelean, berriz, Florian Lipowitz (Red Bull) lau aldiz oldartu da maldan gora, baina Seixasen kopetan ez da izerdi tantarik azaldu.
Ihesaldia, aldiz, aletu egin da, eta galbahea gainditzeko gai izan da Aranburu. Gangureneko azken igoeran, berriz, ezkiotarra bera izan da ihesaldia guztiz zatitu duena. Gogor egin du eraso helmugatik hamar kilometrora, eta kostata hartu dio gurpila Johannessenek. Seixasek, berriz, arerioak jokoz kanpo harrapatu ditu jaitsieran, aurrez maldan gora saiatu ondotik. Teknika bikaina erakutsi du liderrak. Bidelagun izan ditu Izagirre, Bilbao eta Arrieta azken aldapara bidean, eta bertan, atzean utzi du Izagirrek. Hark bat egin du lasterketa burukoekin, baina segidan, esprinta abiatu du Johannessenek. Aranbururen erantzuna, ordea, txundigarria izan da.
Ohi baino lehenago
Itzuliko etaparik gogorrena azken egunean jokatzen da normalean, Eibar inguruan. Bada, aurten egun bat aurreratu dute azterketa nagusia, eta txirrindulariek bihar egin beharko diote aurre lasterketako saiorik menditsuenari. Eibarren hasiko da, baita amaitu ere, 176 kilometro akigarriren ondotik. Zortzi mendatek osatuko dute ibilbidea, eta horietatik hiru lehen mailakoak izango dira: Azurki –5,1 kilometro eta %7,2–, Krabelin –5 kilometro eta %9,6– eta Izua –4,1 kilometro eta %9,2–. Azurki lehen kilometroetan igoko dute; Krabelinek helmugatik 67 kilometrora edukiko du gaina; eta Izua gainetik, berriz, 27 kilometro geratuko dira Eibarrera iristeko; baliteke eraso erabakigarrien tenorea iristea bertan. Gero hirugarren mailako Urkaregi igoko dute, eta hamahiru kilometro geroago amaituko da etapa.