Jada ez da funtsezkoa

Neguko merkatuan, Osasuna utzi eta Atletico Madrilera joatea erabaki zuen Juanfranek. Talde berrian, baina, ez du lortu Iruñean zuen garrantzia, eta apenas ari den jokatzen.

Iruñea
2011ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Duela bospaseiurte, Ligan laugarren izan eta UEFA kopako finalerdiak jokatu ondoren, Osasunako jokalari askok jaso zituzten beste taldeen eskaintzak, eta «Osasuna utzi ostean beste taldeetan arrakasta izatea oso jokalari gutxik lortzen dute», esan zuen orduan Angel Martin Gonzalez kirol zuzendariak. Halere,Iruñea utzi zuten besteak beste Raul Garciak —Atletico Madrilera joan zen—, David Lopezek (Athleticera), Valdok (Espanyolera), Webok (Mallorcara) eta Cuellarrek (Rangersera).

Denborak, baina, arrazoia eman dio ia erabat Martin Gonzalezi. Osasunan txukun aritu eta talde indartsuago batera joan den azken jokalaria Juan FranciscoTorres Juanfran izan da (Crevillent, Herrialde Katalanak, 1985). Urtarrilaren 12an aurkeztu zuen Atletico Madrilek, nafarrei 4,5 milioi euro agindu ostean. Madrilera iritsi eta egun berean, hasierako hamaikakoan sartu zuen Juanfran Quique Sanchez Floresek, Real Madrilen aurkako partida batean, Espainiako Kopako final-laurdenetan, joanekoan. Bazirudien Atletico Madrilen Osasunan adinako garrantzia izango zuela Juanfranek. Baina ez da halakorik gertatu: zortzi partida bakarrik jokatu ditu talde berriarekin, eta behin bakarrik hasieratik; izan ere, gehienetan azken minutuetan zelairatu du entrenatzaileak, eta oraindik ez du ez golik sartu, ez goleko paserik eman.

«Gehiago jokatuko nuela uste zuen jendeak, eta ez jendeak bakarrik, nik neuk ere hala uste nuen. Iritsi orduko hasieratik jokatzen jarri ninduen entrenatzaileak, baina orain bestela nabil. Hargatik, pozik nago Atletico Madrilen, Espainiako Ligako talderik handienetako bat baita», esan du Juanfranek aste honetan.

Eskuin hegaleko erdilaria irabazle hutsa da, jokalari garrantzitsua izatearen ardura gustura hartzen duen horietakoa. «Badakit Osasunako jokalaririk onenetako bat naizela, eta jendeak asko eskatzen didala, baina gustuko dut zaleen presio hori», esan zion udazkenean BERRIAri. Haren hitzetan harrokeria sumatu zuenik ere izan zen. Baina Juanfran ezagututa, harrokeria baino gehiago irabazle sena dela argi geratzen da. Jokalari umila da, baina gazte-gaztetatik Real Madrilen harrobian eta gazteetako Espainiako selekzioekin ardura eta erantzukizuna hartu zalea izan da, eta nabari zaio hizketan ari dela. Orain Atletico Madrilen ez du halako ardurarik, baina lasai dagoela dio: «Ilusioa ez dut galdu, eta igandean Nafarroako Erresuman jokatu beharreko partidan gauzak aldatzen hastea espero dut», esan zuen herenegun.

Javier Camuñas Osasunako jokalariak ondo azaldu du Juanfranen egoera: «Izan den talde guztietan jokalari garrantzitsua izatera ohituta zen, eta orain ez dauka protagonismo hori. Lagun onak gara; sarritan hitz egiten dugu, eta badakit ez dagoela garairik gozoenean, baina edozein taldetan arrakasta izateko moduko kalitatea dauka, eta badaki zer egin behar duen hamaikakoan egoteko, eta postu bat lortzeko». Oraingoz, ordea, Juanfran zelairatzea baino, Quique Sanchez Floresek nahiago du Jose Antonio Reyes ezkerra eskuin hegalean jarri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.