Jagoba Arrasate izango da euskal selekzioko hautatzailea

Osasunako teknikariak zuzenduko du selekzioa Uruguairen aurka, martxoaren 23an jokatuko duten partidan. 2021etik hautatzailerik gabe zegoen selekzioa, Javier Clementek kargua utzi eta gero.

(ID_13614773) ESPAÑA FÚTBOL LALIGA
Jagoba Arrasate, aginduak ematen Osasunako partida batean. JESUS DIGES / EFE
ainara arratibel gascon
2024ko martxoaren 6a
14:48
Entzun

Javier Clementek kargua utzi zuenetik, euskal futbol selekzioa hautatzailerik gabe zegoen. Bada, argitu da nork hartuko duen haren lekua: Jagoba Arrasatek. Hala, Osasunako teknikariak zuzenduko selekzioa hilaren 23an, Uruguairen aurka San Mamesen jokatuko duen norgehiagokan. Hala jakinarazi du selekzioak. Pozik agertu da horregatik Mikel De Gregorio federazioko kirol zuzendaria. «Oso pozik gaude. Jagobak gure selekzioak ordezkatu nahi dituen balioak dauzka. Eskarmentu handia duen teknikaria da, gaztea, eta selekzioak izatea nahi duen eredua gauzatu dezake».

Arrasate Elgoibarren hasi zen teknikari lanetan, eta, ondoren, Realera igaro zen. Besteak beste, Txapeldunen Ligan zuzendu zituen txuri-urdinak. Numantzia zuzendu eta gero, Osasunak fitxatu zuen. Lehen Mailara igo, eta aurreko denboraldian Europarako sailkatu zuen, baita Espainiako Kopako finalerako ere. Seigarren sasoia du nafarren aulkian. Aste honetan bertan Braulio Vazquez Osasunako kirol zuzendariak berretsi du kontratua luzatzeko eskaintza egin diotela. Duela aste batzuk BERRIAri emandako elkarrizketan adierazi zuen urte asko izan arren ez dagoela nekatuta. «Orain, eskaintza aztertu eta erabaki bat hartu beharko dut».

2020an azken aldiz

Duela astebete jakinarazi zuen Euskal Futbol Federazioak martxoaren 23an jokatuko duela selekzioak Uruguairen kontra. Hirugarrenez ariko dira bi selekzioak elkarren aurka, eta aurreko bietan euskal selekzioa nagusitu zen: 1998an, 5-1, Anoetan; eta 2003an, 2-1, San Mamesen.

Euskal selekzioak 2020ko azaroaren 16an jokatu zuen azkeneko aldiz, Eibarren (Gipuzkoa), Ipuruan, Costa Ricaren aurka. 2-1 irabazi zuen. Iker Muniainek eta Unai Nuñezek sartu zituzten euskal selekzioaren golak: erdilariak, hamabigarren minutuan; eta erdiko atzelariak, partida amaitzear zela. COVID-19aren pandemia betean jokatu zen partida, eta, beraz, ikuslerik ez zen egon Ipuruako harmailetan. Javier Clementek zuzendu zuen euskal selekzioa neurketa horretan, baina entrenatzaile barakaldarrak kargua utzi zuen 2021eko maiatzean, eta orain jakinarazi du haren ordezkoa federazioak.

Aurkari indartsua eta erakargarria da Uruguai, munduko selekziorik indartsuenetako bat baita. Haren palmaresari erreparatu besterik ez dago: bitan irabazi du Munduko Kopa, eta hamabost aldiz Amerika kopa. Egun, 11. postuan dago Nazioarteko Futbol Federazioaren (FIFA) sailkapenean.

Marcelo Bielsa Athleticeko entrenatzaile ohia da Uruguaiko hautatzailea. Beraz, alde horretatik ere berezia izango da neurketa, Bielsa San Mamesera itzuliko baita. Bielsak bi urtez entrenatu zuen talde zuri-gorria, 2011-2012ko eta 2012-2013ko denboraldietan, eta, lehen sasoian batez ere, ikusgarri aritu zen: Europa ligako eta Espainiako Kopako finalak jokatu zituen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.