Denbora dezente darama Arrate Asobal ligako sailkapeneko azken postuetan. Azken postuetan bai, baina jaitsieratik salbu. Merituengatik baino gehiago, beste talde batzuen hutsengatik dago Eibarko taldea gaur-gaurkoz jaitsieratik libre. Bai Toledo azken-aurreneko sailkatua, bai Alcobendas azken sailkatua, sasoia hasi eta berehala geratu ziren kateatuta Espainiako Ohorezko B Mailan jokatzera kondenatzen duten bi postuetara.
Arrate ez da askoz hobeto ibili —jokoan egon diren 46 puntuetatik bederatzi eskas lortu ditu; Toledok baino bi gehiago, eta Alcobendasek baino lau gehiago—, baina oraingoz ez da ataka zailean egon. Oraingoz, gaur 18:00etan Toledoren pistan jokatuko baitu, eta, galduz gero, Espainiako taldea litzatekeelako 14. sailkatua; eta Arrate, berriz, azken-aurrena, hots, jaitsiera postuetan. Izan ere, lehen itzulian bi taldeek Ipuruan jokatu zuten lehian etxekoak gol batengatik irabazi zuten (29-28).
ABF ligako 2. postua, jokoan
ABF ligan, berriz, bigarren postua egongo da jokoan gaur. Bera Berak eta Eldak Bidebieta kiroldegian jokatuko dute (19:00), eta, donostiarrek irabaziz gero, bi puntura izango lukete Elda, Liga amaitzeko bost jardunaldiren faltan. Ez da helburu erraza izango, halere, Elda aurkari indartsua baita. Gainera, Bera Berak gorabehera bat baino gehiago izan du sasoi honetan. Gaur, baina, etxean jokatuko du, eta hori baliatu nahi du irabazteko. Eldari irabazita, gainera, Bera Berak mesedea egingo lioke Itxakori. Nafarrek gaur UCAM Murtziaren pistan irabazi (18:30) eta Eldak galduz gero, zortzi punturen aldea egongo litzateke bi taldeen artean, hamar puntu banatzeko falta direla.
Jaitsiera postuetan izango da Arrate gaur Toledon galduz gero
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu