Erik Jaka Buruz Buruko Txapelketako final laurdenetako ligaxkan izango da. Lizartzako aurrelariak 22-21 irabazi dio Joseba Ezkurdiari, Lizarran (Nafarroa). Jaka atzetik ibili da partida osoan, ez da behin ere aurretik jarri, eta 17-21 galtzen ere joan da, baina, azken txanpan hobeto jokatu, eta garaipena lortu du.
Ezkurdia indartsu atera da kantxara, eta 1-11ko partziala lortu du lehen tantoetan. Arbizukoak min egin du sakez, eta bazirudien Jakak aukerarik ere ez zuela izango. Pixkanaka sartu da partidan, eta gantxoen bidez min egiten hasi (6-13). Azkenean, tarte batez joera irauli, eta partida berdintzear ere egon da (14-15). Ezkurdiak eutsi egin dio aldeari, baina Jakak ez du amore eman, eta azken tantoan Ezkurdiak berak bidali du pilota gora.
Zehaztu da, beraz, zeintzuk izango diren iazko pilotari onenekin batera ligaxkan izango direnak. Lasok, Altuna III.ak, Dario eta Jakak osatuko dute A multzoa, eta Artolak, Larrazabalek, Zabalak eta Peña II.ak B multzoa. Bakaikoa, Peio Etxeberria, Elordi eta Ezkurdia geratu dira kalean.