Dirua Jakaren alde atera da nabarmen, Tolosako Beotibar pilotalekuan. 30 ehuni, gorria faborito. Baina partida apustuek ziotena baino askoz ere parekatuagoa izan da. Batek estutu eta besteak erantzun. Batek tanto errenkada egin, eta besteak harrapatu. Erik Jakak eta Peio Etxeberriak, biek eutsi diote lau eta erdiko finalerdietara sailkatzeko aukerari 15. tantora arte, harik eta Jakak sakearekin asmatu duen arte.
Etxeberria aurreratu da lehen tantoetan. 1-4 eta 2-6 jarri da aurretik, baina pilotakada bat lau eta erditik atzera joan zaionean Jakak sakea hartu du eta zazpi tanto egin dizkio segidan (9-6). Etxeberria ez da kikildu, eta, Jaka 11-7 irabazten joan arren, aurretik iritsi da partida erdiko etenaldira (11-12).
Etxeberriak aurretik eutsi dio 13-15era arte. Hurrengo tantoan aldatu dira kontuak. Etxeberriak Jaka mendean hartua zuen ezker gantxo on batekin, eta txokoan amaitzeko aukerako pilota izan du, baina errematatzerakoan kale egin du. Jakak ez du oparia alferrik galtzen utzi. Hobeto sakatzen hasi da eta errematerako aukeretan gehiago asmatu du. Hala, 13tik 22rako bidea egin du zuzenean.
Jaka ez da gustura gelditu egindako partidarekin, kolpea ez zitzaiolako nahi bezain bizi irteten. Hala ere, garrantzia aitortu dio gaurko neurketa irabazteari. Ilusio handia egiten dio Joseba Ezkurdiaren kontra finalerdia jokatzeak.
Beste finalerdia Jokin Altunaren eta Unai Lasoren artekoa izango da.