Balentria egin dute Janire Gonzalez-Etxabarri eta Adur Amatriain surflariek: Europako txapeldunak dira. Marokon jokatu duten Pro Taghazout Bay txapelketa irabazi dute, eta, beraz, sailkapenaren buruan amaitu dute denboraldia. Finalean Alys Barton galestarra hartu du mendean Gonzalez-Etxabarrik, eta Conor Donegan espainiarra Amatriainek.
«Oso gustura nago. Belauneko lesio bat dela eta, ezin izan nintzen lehiatu Challenger Serieseko iazko azken bi txapelketetan. Beraz, hona etortzea, irabaztea eta saria eskuratzea izugarria da. Prozesuaz gozatzen ari naiz, eta garaipen honek indartu egiten nau», adierazi du Gonzalez-Etxabarrik. Gustura mintzatu da Amatriain ere. «Oso pozik nago; ez nuen espero».
Gonzalez-Etxabarrik finalean biribildu du lehiaketa, bikain aritura. 14,83ko puntuazioa lortu du, 8,00 eta 6,83ko olatuak hartuta. Bartonek ezin izan du ezer egin; 11,83 puntu bildu ditu.
Amatriain estuago aritu da, baina hark ere lortu du nagusitzea, 13,40ko puntuazioa lortuta. Finalean izan duen aurkariak, Doneganek, 12,10 puntu eskuratu ditu.
Bestalde, Yago Dominguez bizkaitarrak hirugarren egin du Pro Taghazout Bay txapelketan, eta bosgarren izan dira Markel Bizkarguenaga, Ariane Otxoa eta Keoni Lasa.