Pronostikoei eutsiz, Jasper Philipsenek (Alpecin) irabazi du Espainiako Vueltako estreinako etapa, esprintean. Faborito nagusien artean ageri zen belgikarra, eta nagusi izan da Novarako helmugan. Besteak beste, Italiako lurretan barneratu dira txirrindulariak, eta 183 kilometro pasatxo osatu dituzte Turin eta Novara artean. Egun aproposa zen esprinterrentzat, eta Philipsenek ongi baino hobeki eman du bere berri. Alpecin taldeak neurri-neurrian prestatu dio esprinta, eta azken kilometroan indartsuena izan da belgikarra, Ethan Vernonen (Israel) eta Pepijn Reinderinken (Soudal Quick Step) aurretik. Hala, Philipsen da Vueltako lehenengo liderra.
Garaipen garrantzitsua eskuratu du Philipsenek. Frantziako Tourrean erretiratu egin behar izan zuen eroriko larri baten ondorioz. Esprinta prestatzen ari zela, desorekatu egin zen bizikleta gainean, eta kolpe handia hartu zuen. Tourra utzi beharrak samina eragin zion, baina azken asteetan buru-belarri aritu da berrindartze prozesuan. Bada, erarik onenean berrekin dio lehiari, eta pozak gain hartuta hitz egin du etapa amaieran. «Taldekideek bikain lagundu didate, baina oso urrutitik hasi behar izan dut esprintean, helmugarako kilometro bat falta zela, hain zuzen. Dezepzio handia neukan Tourra utzi behar izan nuelako, eta orain etapa irabaztea sari handia da niretzat. Oso gustuko lasterketa dut Vuelta, eta iruditzen zait aurten esprinterrok ez dugula aukera handirik izango garaipenak lortzeko. Hortaz, lehiari hain ongi ekitea garrantzitsua da». Gaurkoa laugarren garaipena izan du Vueltan belgikarrak.
Etapako garailea esprintak erabakiko zuela ia idatzita bazegoen ere, ihesaldia nagusitu da etaparen hastapenean. Sua izan da lehen kilometroetan, eta azkenean sei ziklista sartu dira ihesaldian: Pepijn Reinderick (Soudal), Nicolas Vinokurov (Astana), Joel Nicolau (Caja Rural), Koen Bouwman (Jayco Aiuia), Alessandro Verre (Arkea) eta Hugo de la Calle (Burgos). Iheslari denek gauza bakarra izan dute xede: Serra eguneko mendate bakarrera onik iristea. Hirugarren mailako mendatea elkarrekin gainditu dute iheslariek, eta ia bi minuturen aldea ere atera diote tropelari. Abiadura izugarria izan da aurrean zein atzean: ia 50 kilometro orduko abailan ibili dira txirrindulariak.
De la Calleren ausardia
Kilometroetan aurrera joan ahala, iheslariek elkarren arteko borroka abiatu dute, eta De la Calle izan da guztietan indartsuena. Bakarrik geratu da aurrean, eta bere kasara osatu ditu hainbat kilometro. Aurrean bakarrik ahalik eta denbora gehien irauten saiatu da, eta latz kunplitu du. Tropeleko ziklistarik gazteenetan zazpigarrena izaki, etorkizun oparoa daukala berretsi du. Hori bai, helmugarako 37 kilometro falta zirela irentsi du pelotoiak.
Orduantxe hasi da egiazko lasterketa. Talde guztiak aurrean ongi kokatuta egoten saiatu dira, eta batez ere hiru taldek agertu dute muturra: Alpecinek, Movistarrek eta Vismak. Errepide zabala izan dute oro har, eta bizi-bizi egin dituzte azken kilometroak. Ziklista batek baino gehiagok zailtasunak izan dituzte erritmoari eusteko. Azken hiru kilometroetan Alpecin taldea izan da indartsuena, eta eginiko lanari zukua bikain atera dio Philipsenek. Aise gailendu da helmugan, eta berretsi du tropeleko esprinterrik indartsuenetakoa dela.
Bigarren etapa bihar izango du Vueltak. Alba eta Piemonte artean 160 kilometro osatu beharko ditu tropelak, eta, etapa laua izango bada ere, azken kilometroetan malda koxkor bat gainditu beharko dute ziklistek. Hortaz, badirudi esprinterako ez dela egun aproposa izango.