Soslaia. Alberto Lopez

Jaurtiketa zailena bota diote

Aitor Manterola Garate.
2014ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Atezain gisa, 350 partidaren bueltan jokatu zituen Lehen Mailan: Realean gehienak, eta gainerakoak, Valladoliden. Leku berezia hartu zuen jokalari historikoen artean datu horiei esker Alberto Lopezek (Irun, Gipuzkoa, 1969). Eskarmentua eduki behar ezinbestean hainbeste partida jokatuta, eta ibili luze horren arrastoari segika, entrenatzaile izatea erabaki zuen, Mikel Etxarri maisuak sarri esaten duenari indarra emanez: «Atezain izandakoak entrenatzaile onak izaten dira gehienetan, ohituta daudelako zelaian gertatzen ari den guztia ikustera».

Real Unionen ekin zion aulkietako bideari 2011ko udan, bigarren taldean. Alavesek ateak ireki zizkion 2012-2013ko denboraldian, eta bigarren taldeko entrenatzaile izendatu zuen Javier Zubillaga kirol zuzendariak. Denboraldi bat osatu zuen han, eta hamalaugarren amaitu zuen taldeak sailkapenean. Sasoi honetarako, lehen taldera igo zuen kirol zuzendariak, Natxo Gonzalezen laguntzaile izateko. Abenduaren hasieran, Juan Carlos Mandiak ordezkatu zuen Natxo Gonzalez, eta Albertok leku eta lan berean segitu zuen atzo arte. Bera da atzotik Alaveseko entrenatzaile nagusia, zuzendaritzak Mandia kargutik kendu ondoren.

Beste behin, emaitza txarrek zigortu egin dute entrenatzailea Alavesen: Mandiak hamazazpi puntu lortu ditu —Gonzalezek baino bat gehiago, partida bat gutxiago jokatuta—. Hamabi partida falta dira, eta bost puntura dauka salbazioa Gasteizko taldeak. Aurreneko erronka handia da hau Albertorentzat, entrenatzaile izatea erabaki zuenetik amestu duen aukera dauka esku artean, eta ez nolanahikoa. Alavesentzat, berriz, azkeneko bala da. Ez dauka besterik tiratzeko. Kale edo bale. Sendoa Agirre jokalari ohiak eta idazkaritza teknikoko kideak lagunduko dio abentura honetan atezain ohiari.

Dantzan dabil Alaveseko aulkia azken sei denboraldietan, Alberto hamahirugarren entrenatzailea izango baita 2008tik. Harrezkero, bik bakarrik osatu dute denboraldia osorik: Miguel Angel Alvarez Tomek 2010-2011ko sasoian, eta Gonzalezek aurreko sasoian. 2009an, Bigarren Mailatik jaitsi zenean hiru entrenatzaile izan zituen. Orain bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.