Jaurtitzaile aseezina

Markus Howardek hiru hilabete aski izan ditu Buesa Arenako zaleei bihotza osteko. Egoera oso zailetan saskiratzeko gaitasuna du, eta datuetan islatzen da hori.

Markus Howard Baskoniako jokalaria, sasoi honetako neurketetako batean, saskiratze bat ospatzen. AITOR BOUZO / BASKONIA.
Beñat Mujika Telleria.
2022ko abenduaren 21a
00:00
Entzun
Uztailean jokalari ezezagun bat iritsi zen Gasteizera; Europako saskibaloiari erreparatzen diotenentzat behintzat: Markus Howard (New Jersey, AEBak, 1999). Hiru hilabetean, ordea, bihotza lapurtu die Buesa Arenako zaleei. Arvydas Macijauskas, Igor Rakocevic, Davis Bertans, Mirza Teletovic... Baskoniak jaurtitzaile bikainak izan ditu beti, eta talde horretako partaide berria da Howard. «Mugarik ez duen» jaurtitzailea dela dio Mikel Odriozolak, Iraurgiko entrenatzaileak (Donostia, 1989). Urrezko LEB ligan bigarren denboraldia du jarraian Azpeitia-Azkoitiko taldearekin —iragan sasoian, laguntzailea zen—, eta askotan aztertu behar izaten ditu hiruko marratik zitalak diren jokalariak.

Denver Nuggetseko jokalari ohiak ibilbide isila egin du orain arte NBAn, baina, aurretik, hainbat erakustaldi eman zituen Marquette unibertsitatean. Joko antolatzaile eta eskolta aritzeko iritsi zen Baskoniara, baina, Pierria Henry iritsi zenetik, argi gelditu zen Howarden rola: saskiratzea. 1,79 metro eskaseko jokalariak ez dira ohikoak gaur egun, baina saskiratzeko gaitasunak eta urrutitik jaurtitzeko ahalmenak Europako jaurtitzailerik onenen artean jarri dute. Odriozolak argi dauka altuera «muga bat» dela saskibaloian, baina, hala ere, «erabakigarria» da: «Bi metrorekin gauza bera egingo balu, denok dakigu non egongo litzatekeen».

Hala erakusten dute estatistikek. Euroligan, batez beste 10,9 jaurtiketa egiten ditu partidako, eta neurketa bakoitzeko hiruko gehien sartzen duen jokalaria da: 3,2 hiruko sartzen ditu partidako, jaurtitzen dituenen %46. ACBn ere antzeko datuak ditu: 2,7 hiruko sartzen ditu partidako, jaurtitzen dituenen %44,1. Kanaria Handiaren aurka, gainera, mugarri bat lortu zuen. Bederatzi hiruko sartu zituen; ACBn Baskoniako jokalari batek inoiz lortu gabeko marka. Gaizki ohitu ditu Buesa Arenako zaleak, baina, oraingoz, maila ezin hobea erakutsi du. Odriozolak Howarden «gaitasuna eta gaztetasuna» azpimarratu ditu: «Azkenengo partidetan erakutsi du egoera oso zailetan saskiratzeko ahalmena daukala, eta aurkaria ezustean harrapatzeko gai diren jokalariak ez dira asko Europan».

Odriozolaren hitzetan, hainbeste jaurtiketa sartzen dituen jokalari bat taldean edukitzeak «aukera asko» ematen ditu erasoan, eta «zentzu askotan» laguntzen dio taldeari: «Berezitasuna ematen die taldearen erasoei, eta eragin zuzena dauka aurkariengan». Baita aurkarien defendatzeko moduan ere. «Egoera askotan sartzeko gai diren jokalariak defendatzea buruhauste bat da entrenatzaileentzat». Odriozola ziur dago «jarraipen berezia» egiten diotela, eta «defentsak egokitu» behar izaten dituztela. Baina horrelako jokalariak gelditzea «oso zaila» dela dio.

Hala ere, ez da edozeini burura etor dakizkiokeen jaurtitzaileetako bat. Blokeoetatik aterata edo oinak geldi dituela, jaurtitzaile zitala da, baina botetik sortu dezakeenean dago Howarden berezitasuna. Gaitasun handia dauka baloia esku artean daukala jaurtiketa oso denbora gutxian egiteko, eta botetik haren jaurtiketa sortzeko. Hori arazo handia da defenditzen ari denarentzat, ezin baita erlaxatu.

Jaurtitzaile petoentzat, beharrezko osagaia da konfiantza. Hala ere, «berezkoa dute» konfiantza hori, Odriozolaren ustetan, eta entrenatzaileek ez dute asko landu behar izaten. «Jaurtiketa egitean, badakite sartuko dutela, nahiz eta gero ez sartu. Bolada txarrak izatea ohikoa da, baina garrantzitsua da ez zoratzea; eta ez dut uste Howard halako jokalaria denik».

Egokitzeko prozesuan

Howardek prentsaurrekoa eman zuen atzo, eta esan zuen Gasteizen «oso gustura» dagoela: «Zorionekoa naiz;arrazoi asko daude leku honi etxea deitzeko». Hala ere, aitortu zuen egokitzeko prozesuan murgilduta dagoela: «Beste joko estilo bat ikasten ari naiz, beste hiri batean, eta trantsizio handia da niretzat».

Askotan galdetu diote Joan Peñarroya prestatzaileari Howarden inguruan. Sarri goraipatu du saskiratzeko daukan gaitasuna, baina Kanaria Handiaren aurkako partidan, adibidez, defentsako lana txalotu zuen: «Sei hiruko daramatza, baina, aurretik, sei minutu bikain egin ditu defentsan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.