Jauzi egiteko indarra hartzen

Datorren urtean tropel profesionalean ariko dira Iker Mintegi eta Julen Arriolabengoa; bata Euskaltelen, bestea Caja Ruralen. Ohi baino ordu gehiago egiten ari dira bizikleta gainean, modu progresiboan, saltoa berme osoz egin ahal izateko.

IKER MINTEGI.
Iker Mintegi txirrindularia lasterketa batean. LABORAL KUTXA
enaut agirrebengoa
2023ko abenduaren 19a
05:00
Entzun

Denboraldiaurrea garrantzitsua da txirrindulari guztientzat. Oinarri sendoa ezartzen saiatzen dira, gerora indar betean jardun ahal izateko. Bestelako ahalegin batzuetara egokitzeko garaia ere bada profesional bihurtzear direnentzat. Jauzi handia egin behar dute amateurretatik, eta prestaketak ezin hobea izan behar du. Horretan buru-belarri ari dira orain Iker Mintegi (Altsasu, Nafarroa, 2002) eta Julen Arriolabengoa (Erentxun, Araba, 2001). Euskaltel-Euskadin eta Caja Ruralen jardungo dute datorren sasoian, talde bakoitzaren harrobian zaildu ondoren. Ziklistarik indartsuenak izan dira aurtengo Euskaldun Txapelketan –Arriolabengoak irabazi du, Mintegiren aurretik–, baina zailtasun handiagoak izango dituzte profesionalen artean. Horiei aurre egiteko prestatzen ari dira.

Biek ere hiru aste inguruko oporraldia izan zuten aurreko denboraldia bukatu ostean, eta, behin atseden hartuta, errepidean kilometroak egiteari ekin diote. «Pixkanaka», Mintegik azpimarratu duenez. «Ezin zaitezke hasi bost orduko saioak egiten. Entrenamenduak apurka luzatuz joan behar duzu». Arriolabengoak ere men egin dio progresioaren printzipioari. «Gorputza iratzartzea izan da lehen urratsa. Soilik hankak landu ordez, ariketa orokorragoak egin ditut gimnasioan, eta frontenisean ere aritu naiz. Lau astez aritu naiz horrela, eta, ondoren, gero eta ordu gehiago egiten hasi naiz bizikletan».

«Barneratua dugu prestaketa zorrotza egitea. Harrobian profesional baten bizimodua duzu, baina profesional izan gabe» IKER MINTEGI Euskaltel Euskadiko txirrindularia

Beste urte batzuetako denboraldiaurrearekin konparatuta, orain kilometro gehiago egiten ari dira. Hala esan du Mintegik. «Egun luze gehiago ditugu astean. Lan bolumena handiagoa da». Zenbat handiagoa? Kopuru zehatzak eman ditu Arriolabengoak. «Lehen, aurreneko asteetan hamabost ordu pilatzen genituen. Aurten, ordea, hemezortzi eta hogei artean izan dira». Hori horrela, entrenamenduen osteko atsedenak are garrantzi handiagoa du. «Bi egunean ordu askoko bi saio kateatu behar badituzu, funtsezkoa da tartean errekuperazioa behar bezalakoa izatea. Ahaleginak ondo barneratu ezean, ezin da egunetik egunera maila mantendu», esan du Euskalteleko ziklista berriak. Caja Ruralekoa bat dator, eta elikaduraz ere hitz egin du. «Lan karga handiagoa izanik, balio fisiologikoak tentuz zaindu behar dituzu. Batzuetan, gehiago jan behar da, eta osagarrien beharra ere egon daiteke».

JULEN ARRIOLABENGOA.
Julen Arriolabengoak Caja Ruralekin egin du profesionaletarako urratsa. CAJA RURAL

Bada desberdintasunik bataren eta bestearen prestakuntzan. Adibidez, Mintegi lehenago hasi da intentsitatea lantzen. «Lan espezifikoa hasieratik egiten dugu guk, pultsazio baxuekin bada ere. Agian, hamar minutuko serie lasaiak izan daitezke. Estimulu txikiekin hasten gara, eta, asteak aurrera joan ahala, intentsitatea handituz goaz». Arriolabengoa, berriz, abenduan hasi da serie bidez entrenatzen. «Saio luzeak eta lan espezifikoa bateratzen ari naiz orain. Intentsitatea sartzeko, hiruzpalau ordu egiten ditut serie batzuekin; eta biharamunean bolumena lantzen dut, bost bat orduz, serierik gabe». Mintegi bestela ari da: saio luzeetan ere egiten ditu serieak. «Halako esfortzu bizi eta laburrak egiteko eskatzen digute gehienetan, aspertu ez gaitezen. Entrenamendua azkarrago igarotzen zaizu, egia esan».

Ilusioa, beldurra bainoago

Egonaldiak egingo dituzte biek, prestaketa fintzeko. Mintegi Calp-en (Herrialde Katalanak) ibili da berriki, bere kabuz, eta urtarrilean talde egonaldia izango du. Arriolabengoa, berriz, Almerian (Espainia) dago orain, gainontzeko taldekideekin batera. «Etxeko lanak ondo eginda joan naiz. Lehen urtea izango dut profesionaletan, eta ilusio handiz prestatzen ari naiz denboraldia. Beste batzuetan gehiago kosta zait martxan jartzea, baina oso gogotsu nabil orain». Mintegi ere zintzo dabil lanean. «Barneratua dugu. Izan ere, harrobian dena oso profesionalizatuta dago jada. Profesional baten bizimodua duzu, baina profesional izan gabe».

«Gorputza esnatzea izan da lehen urratsa. Lau astez ariketa orokorrak egin ditut, eta, gero, bizkleta saioak luzatzen hasi naiz» JULEN ARRIOLABENGOACaja Ruraleko txirrindularia

Orain, ogibide izango dute ziklismoa. Mintegi harro dago, eta bidean gurasoek egindako esfortzua eskertu du. «Haiek ordaindu didate dena orain arte, eta astero eraman naute lasterketetara». Arriolabengoarentzat, «txikitako ametsa betetzea» da profesionaletara iristea. Badaki ez dituela lortuko amateurretako emaitza berberak, hasieran bederen. Halere, ez du beldurrik. «Oraintxe, gehiago motibatzen nau gorenean azkena izateak, amateurretan lehena izateak baino. Gainera, esan didate presio aldetik nire bizitzako urterik errazena izango dela». Ilusioa ez ezik, konfiantza ere badu Mintegik. «Aurrez beste ziklista batzuek ere egin dute jauzi harrobitik, eta ondo ibili dira. Nik ere lor dezaket. Baina oso ondo prestatu behar dut horretarako».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.