Akordioari ofizialtasuna ematea bakarrik falta zen, eta atzo eman zioten, Illunben. Javi Salgadok bi urteko kontratua sinatu du Lagun Aro GBCrekin, eta orain dela hilabete eta erdi, sasoia bukatu zenean erakutsitako borondatea bete zuen. Izan ere, Santutxukoak bere aukera bakarra klubean geratzea zela esan zuen orduan, eta Sito Alonsoren jarraipenak eta sos kontuek argi apur bat izan dutenean, kontratua hitzartu dute. Santutxukoak 33 urte dituela beteko du bigarren kontratua, eta fisikoki jarraitzeko moduan dagoen edo ez erabaki beharko du orduan.
Pozik mintzatu zen atzo Alvaro Bilbao presidentea: «Hazten lagunduko digun berria da. Guretzat oso garrantzitsua da taldeko kapitaina euskal herritarra izatea. Gainera, Raul Netorekin ederki moldatzen da, eta hori garrantzitsua da guretzat. Salgadok eskarmentua dauka, gidaritza, eta Sito Alonsoren sistemara ezin hobeto egokitzen da». Jokalariak presidentearen hitzak berretsi zituen, eta adostasuna berez iritsi dela azpimarratu zuen: «Kluba serioa da diru kontuetan, hazteko grina du, eta tratua ezin hobea da. Klubeko kideena eta zaleena ere bai. Etxea ezagutzen dut, eta aukera bakarra neukan buruan: Donostian jarraitzea».
Taldearen oraingo egoera aztertu zuen Bilbokoak, eta esan zuen erantzukizuna berea balitz aurreko sasoian taldea osatzen zuten 11 jokalariek segitzearen alde egingo lukeela: «Bistan da lan horren ardura presidenteak daukala, eta, ikusi duzuen moduan, ez da posible izango. Pankok eta Vidalek eskaintza onak jaso dituzte, ACB ligako boskote onenean hautatu dituztelako, eta horren kontra ezer gutxi egin daiteke».
Joko antolatzaileak adierazi zuen 2012-2013ko denboraldia polita bezain zaila datorrela. «Europan jokatuko dugu, eta horrek ahalegin handia eskatzen du, ACB ligako jarduna okertzeraino. Oinak lurrean eduki behar ditugu, eta joan den denboraldikoa berriro lortzea ia ezinezkoa izango dela onartzen hasi behar dugu». Etxeko lanak ere pentsatuak ditu, dagoeneko, jokalariak: «Eskatzeko baimenarekin, liga aurreko urtean baino hobeto hastea eskatuko nuke, lasai ibiltzeko».
Bilbao presidenteak ere kirol eta sos kontuen halako balantzea egin zuen uztailak lan erdiak egin dituela: «Oraintxe sei jokalari dauzkagu lotuta, eta Sito Alonso entrenatzaileari eta Antonio Alonso idazkariari altxortegiko baldintzen berri ere eman diegu, euren jarduera eraginkorragoa izan dadin». Bilbaok baieztatu zuen Sergi Vidalek Unicajarekin fitxatu duela, baita klubak tanteo eskubideari uko egiteagatik diru kopuru bat jaso duela ere. Ez zuen kopuru hori zehaztu nahi izan, «akordio pribatua» delako.
Aurreko sasoia bost milioi eurotik gorako aurrekontuarekin itxi zela esan zuen, Kopa eta titulua irabazteko kanporaketen ondorioz. «Eta datorren sasoian handiagoa izan beharko du, Europan jokatuko dugulako». Bilbao kezkatuta zegoen. «Oraindik Foru Aldundiak zenbat diru emango digun jakitea falta zaigulako eta kopuru garrantzitsua delako aurrekontuan».
Nocioni, bide onetik
Caja Laboral Baskoniari dagokionez, Andres Nocionik taldean jarraitzeko negoziazioak bide onetik doazela dirudi. Claudio Villanueva jokalariaren ordezkariak adierazitakoaren arabera, «hizketan» ari dira kontratu baten xehetasunen inguruan. «Ez dago ezer itxita, baina negoziazioak aurrera doaz». Bestalde, ziurra da Prigionik NBAko New York Knicks taldean jokatuko duela, eta, BERRIAk jakin duenez, argentinarra ordezka dezaketen jokalarietako bat Dontaye Draper joko antolatzaile estatubatuarra izan daiteke.
Javi Salgado: «Etxean bezala, inon ez»
Joan den sasoiaren bukaeran esandakoa berretsi, eta bi urteko kontratua sinatu du Santutxuko jokalariak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu