Ezkurdia 6-22 Zabala

Javi Zabala lehenengoz ariko da final batean

Erakustaldi handia emanda gainditu du Joseba Ezkurdia, Gasteizko Ogetan. Mota guztietako tantoak egin ditu: hamalau, guztira. Bihar ezagutuko du nor izango duen aurkari finalean.

Zabala pilota jotzeko prest, atzean Ezkurdia duela. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Zabala pilota jotzeko prest, atzean Ezkurdia duela. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
jon eskudero
2025eko azaroaren 1a
20:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Finalerdia irabazita soilik ez, erakustaldi galanta emanda iritsiko da lau eta erdiko finalera Javi Zabala. Pronostiko guztiak hautsiz, inolako arazorik gabe nagusitu zaio Joseba Ezkurdiari, Gasteizko Ogeta pilotalekuan, eta profesional ibilbidean lehen aldiz jokatuko du final handi bat. Orain arte baditu bi final jokatuak; besteak beste, binakako Mastersekoa eta sanferminetako lau eta erdikoa. Ordea, lehiaketak dira horiek, eta oraingoan txapelketa ofizial bateko finalean jokatuko du, bi aste barru. Hasi eta buka, joko erauntsia agertu du errioxarrak, eta ez dio inolako aukerarik eman Ezkurdiari. Nafarrak launa egin arte soilik eutsi dio erritmoari, baina hortik aurrera nagusi izan da Zabala, eta estatistika izugarriekin amaitu du partida: hamalau tanto egin ditu, eta soilik bakarra galdu. Bihar ezagutuko du nor izango duen aurkari finalean: Jokin Altuna edo Peio Etxeberria.

Hasiera gogorra eta ona izan du finalerdiak. Halako egunetan gertatu ohi den moduan, partida hasierek dute berebiziko garrantzia, eta bi pilotariek ekin diote lehiari tenple onean. Izugarri bizi agertu dira, eta berdinketa hautsi ezinda ibili dira biak: 2na, 3na eta 4na egon dira. Zabalak jo du musika, eta defentsari esker eutsi dio berdintasunari Ezkurdiak. Fisikoki tanto neketsuak jokatu dituzte, baina nafarrak ahalegin handiagoa egin behar izan du hastapen horretan. Sentsazio bikainak azaldu ditu Zabalak, baina askotan gertatu zaio goitik behera nabarmen egitea tantoek aurrera egin ahala. Ez da izan gaurko kasua, eta launakotik aurrera abiatu du erakustaldia.

Dena egin du ongi, saketik hasita. Pozoiz beterik egin ditu sakeak, eta errematean ere fintasun aparta erakutsi du. Ezker eskuak funtzionatu dio bereziki. Zabalera zein txokora dotore mugitu du pilota, eta pixkanaka aldea lortuz joan da: 4-7, 5-8 eta 5-12. Lehen atsedenaldi luzerako, zazpi tantoren aldea eskuratu du. Erakustaldia egin du Zabalak, eta nabarmentzekoa izan da 5-11koa. Biek ala biek hortzak estututa jokatu dute tantoa, eta, 25 pilotakada jo ondoren, horma biko ikusgarri batekin egin du tantoa Zabalak. Zutik ipini ditu Ogetan bildutako pilotazale guztiak. Laineza hartu du, baina Ezkurdiak ere erraztasun handiak eman dizkio. Bere jokotik urrun ibili da nafarra, eta ez du momentu bakar batean ere arrisku sentsaziorik eman.

«Galtzetan kabitu ezinik»

Lehen atsedenaldi luzearen ondoren gidoiari eutsi dio partidak. Tantoak egin eta egin jarraitu du Zabalak, eta bere onetik irtenda ibili da Ezkurdia. Joan den astean Etxeberriaren aurka 22-9 galdu izana istripu bat izan zela uste izatekoa zen, baina nafarraren jokoak garbi adierazi du ez dagoela trenpu onenean. 5-15 atzetik zihoala kale edo bale jokatzeari ekin dio, eta, aspaldiko partez, orduantxe lortu du seigarren tantoa (6-15). Ordea, sakea alde izateari ez dio batere abantailarik atera. Pixkana etsiz joan da, eta azkeneko txanpan nahi erara jokatu du Zabalak. Beste askotan gertatu izan zaio irabazteko beldurra sartzea, baina gaur oso ongi kudeatu ditu denborak.

Pozarren hitz egin du amaieran: «Galtzetan kabitu ezinda sentitzen naiz. Nire lehen finalera sailkatu naiz, eta emozioek gain hartuta nago. Nik eta nire aitak soilik dakigu zenbat sufritu dugun hona iristeko. Ikaragarria da lortu dudana». Garaipenari esker Binakako Txapelketarako postua lortu duela pentsatzea ere zilegi litzateke.

Bada, finaleko aurkaria bihar ezagutuko du Zabalak. Aurrez aurre arituko dira Altuna III.a eta Etxeberria, Donostiako Atano III.ean. Faborito aterako da amezketarra, baina nafarrak ere erakutsi du edonori irabazteko gai dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.