Athleticek badu entrenatzailea datorren denboraldirako: Javi Lerga (Tafalla, Nafarroa, 1979). Hark zuzenduko du talde zuri-gorria David Aznarren ordez. Klubak duela hilabete pasatxo jakinarazi zuen Aznarrek taldea entrenatzeari utziko ziola, eta duela gutxi aritu da haren ordezkoa fitxatu nahian. Azkenean, entrenatzaile nafarraren alde egin du. Lerga hautatzaile lanetan zebilen Espainiako 19 urtez azpiko selekzioan. Hain zuzen, selekzio horrekin Europako txapeldun izan berri da Polonian, eta jokalarien artean Athleticeko hiru jokalari zeuden: Daniela Agote, Elene Gurtubai eta Ziara Vega.
Lergak eta klub zuri-gorriak denboraldi baterako kontratua adostu dute, eta gaur bertan sinatu dute Ibaiganen. Jon Uriarte Athleticeko presidentea, Xabi Arrieta emakumezkoen futboleko zuzendaria eta Lerga bera izan dira ekitaldian.
Lergaren arabera, Athletic entrenatzea pauso handia da haren kirol ibilbidean. «Oso eskertuta nago Athletici; klubak urteak daramatza emakumezkoen futbolaren aldeko apustu sendoa egiten. Aurretik egindako lan hori aprobetxatzen saiatuko naiz, baita Iraia Iturregik eta David Aznarrek egindako lana ere».
Haren ustez, «garai aproposean» iritsi zaio aukera. «Klub baten egunerokoa bizitzeko gogoa nuen. Oso identifikatuta sentitzen naiz Athleticen filosofiarekin. Uste osoa dut etxeko jendearengan; hain zuzen, nire iritziz, horrek egiten du ezberdin klub hau».
Lergak eskarmentu handia du entrenatzaile lanetan. Hasi, gizonezkoak entrenatzen hasi zen, jaioterrian, Tafallan. Zortzi urtez aritu zen Peña Sport taldean: lehenbizi, harrobian jardun zen, eta, gero, talde nagusian, Espainiako Futbol Federazioaren bigarren eta hirugarren mailetan.
Peña Sportetik Osasunara egin zuen jauzi. Sei urtez aritu zen talde gorritxoan, eta Peña Sporten egindako antzeko bidea egin zuen, harrobian hasi, eta, pixkanaka, koskak igotzen joan baitzen: hiru urtez aritu zen harrobiko taldeetan, bi gazteen kategoriako Ohorezko Mailan eta bat Osasuna B-n.
Osasunatik Nafarroako Futbol Federaziora igaro zen, eta Formazio Saileko koordinatzaile izan da orain arte. 2016tik 2018ra Nafarroako 16 urtez azpiko selekzioko hautatzaile izan zen. Nafarroako Federazioan ez ezik, Espainiakoan ere aritu da lanean azken lau urteetan, azpiko mailetako selekzioetako koordinatzaile gisa. Horrez gain, 23 urtez azpiko emakumezkoen selekzioko laguntzaile izan da, baita Angel Vilda eta Montse Tome Espainiako selekzio nagusiaren hautatzaileen laguntzailea ere. Entrenatzaile ere izan da, 19 eta 20 urtez azpiko selekzioena, hain justu, eta emaitza oso onak lortu ditu selekzio horiekin.
Horrez gain, Soin Hezkuntzako Euskal Erakundean ikasi zuen, Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU), eta 11 urtez izan zen irakasle Iruñeko Irabia-Izaga Ikastetxean.
Ruben Berrogi (Iruñea, 1979) izango du bigarren entrenatzaile Lergak. Berrogik Barañaingo (Nafarroa) Lagunak, Sarrigurengo (Nafarroa) Mulier eta Osasunako harrobiko taldeak zuzendu ditu. Jagoba Arrasatek talde gorritxoa entrenatu zuen garaian, Berrogi lehen taldeko analista lanetan aritu zen. Zeregin horretan aritu da aurten Eslovenian, Celje taldean.
Athleticeko jokalariek uztail erdian hasiko dute denboraldiaurrea, datorren astean egingo baitizkiete mediku azterketak.