Goiza lasaia izan da, baina giroa berotu egin da arratsaldean. Bilbon, Poza kalean, tentsioa handitu egin da 16:00etatik aurrera, milaka zale elkartu baitira festa giroan. Horietako askok ez zeukaten maskara jantzita, eta ez dute elkarren arteko tarterik zaindu. Udaltzainek trafikoa eten dute, kalea jende gainezkoa baitzegoen. Istiluak izan dituzte ertzainekin; emakume bat ospitalera eraman dute, botilakada batek eragin dizkion zauriengatik. Zaleak sakabanatzen hasi dira, eta haiek edukiontzi batzuk erre dituzte. Suhiltzaileek itzali dute sua, eta berriz ere festa giroa izan da nagusi kalean. Milaka zale egon dira kantuan eta edanean, tabernak itxi dituzten arte.
Dena dela, gutxi iraun dute istiluek; 18:00 alderako ertzainak urrundu egin dira jendetzatik. Orduz geroztik, giroa Poza kalearen eta Areiltza doktorearen zumarkalearen arteko bidegurutzean egon da gorien. 300 bat gazte elkartu dira han, eta zalaparta eragin dute. Gainontzean, Poza kaleak jendez bete-beteta jarraitu du, baina edanean aritu dira denak, giro lasaiagoan.
Juan Mari Aburto Bilboko alkateak «zentzuz» jokatzeko eskatu die istiluetan parte hartu duten «astakirtenei». «Eta COVIDagatik edo finalaz ezin gozatuagatik sufritzen duten familiak, zer?», idatzi du Twitterren. «Ez duzue ordezkatzen ez Athleticen ez gure hiriaren baliorik», esan die.
Poza kalearen eta Areiltza zumarkalearen arteko bidegurutzea, oraintxe @berriapic.twitter.com/J40Yv8Ai5H
— Gotzon Hermosilla (@GotzonH) April 3, 2021
Goizean goizetik izan da giroa kaleetan, nahiz eta irudi horien oso bestelakoak izan diren Bilbon eta Donostian. Hiri horien erdiguneetako kaleetan giro handia izan da, eta txikienetatik hasi eta helduenekin buka denek bizi izan dute final atariko giroa. Txuri-urdinez eta zuri-gorriz jantzi dituzte kaleak.
[youtube]https://youtu.be/P9OxXTqMJoM[/youtube]
Donostia txuri-urdinez are gehiago jantzi da gaur, Reala hiriko talde kutunari hauspoa eta berotasuna helarazteko asmoz, distantziak distantzia. Goizeko lehen orduetan bulebarrean jende handirik ez zebilen; bai, ordea, hornitzaileen furgonetak hara eta hona tabernetako biltegiak kargatzen. Eurentzat ere gaurkoa ez zen edozein egun.
Ledesma kalean giro ona eta Athleticen ereserkia tabernetako borgorailuetatik @berria#FinalBatBaterapic.twitter.com/4y9K8H520i
— Gotzon Hermosilla (@GotzonH) April 3, 2021
Giroa epeldu ahala, zale txuri-urdinak hiriko erdigunera gerturatzen hasi dira, apurka-apurka. Realeko denda ofizialaren atarian, esaterako, ilarak luzeak zeuden. Saltokiko atezaina ere «harrituta» zegoen bere bi begiekin ikusten zuenarekin. «Horrelakorik ez dut ikusi». Helduak, gazteak, familiak denetarik zeuden zain, hala nola Maitane Oñatikoa (Gipuzkoa). «Seme-alabei Realeko elastikoa erosi nahi nien, baina esan digutenez, amaitu egin dira. Ea gutxienez, banderaren bat edo lortzen dugun», esan du umoretsu. Bitartean, dendatik atera berri dira Iñigo eta haren familia osoa, denak Realeko elastikoa soinean jantzia zutela. Hark azaldu duenez, txikitatik errotua dute sentimendu txuri-urdina. «Seme-alabak futbolzale amorratuak ditut». Azpeititik (Gipuzkoa) Gipuzkoako hiriburura joan dira, «goiz-pasa». Gaurko final handirako Iñigoren nahia «partida irabaztea eta ahalik eta gutxiena sufritzea» da.
Parte Zaharrean jendearen joan-etorria handituz zihoan. Kolore txuri-urdinez atonduta zeuden tabernak, etxeetako balkoiak, arropa dendak guztiek zuten elementu bizigarriren bat. Baina Realaren koloreak bakarrik ez dira ikusi karriketan. Jose Anjel, Pilar eta Angela bilbotarrak Athleticen elastikoarekin eta bufandarekin mokaduren bat jaten ari ziren ardoarekin lagunduta Martinez tabernan. «Modu ezberdin batean ospatu nahi genuen eguna, eta Donostiara joatea pentsatu dugu. Errespetu osoz begiratzen gaituzte. Ez dago arazorik». Lasai bai, baina partidarako «oso urduri» zeudela ez dute ezkutatu. «Nola edo hala irabazi egin behar dugu, eta Kopa Bilbora ekarri».
Goizak aurrera egin ahala, giroa badoa berotzen, apurka-apurka. #FinalBatBatera@berriapic.twitter.com/O4wxXD1YRY
— Mikel O. Iribar (@mikelorba) April 3, 2021
Bilbo zuri-gorriz esnatu da, eta goizak aurrera egin ahala, giroa ere berotuz joan da. Eguerdi aldera jende asko ibili da Zazpikaleetan, Poza kalean, Ledesman eta ohiko gainerako lekuetan. Plaza Barrian eta Areatzan, esaterako, giroa familiartekoagoa zen: sendi osoak ikusten ziren, den-denak zuri-gorriz jantzita, umeak Zazpikaleetako zapata denda batek jarritako trapuzko lehoiaren ondoan argazkiak egiten, eta abarretan. Terrazetan, berriz, giroa beroagoa zen, beste final batzuetan baino neurritsuagoa baina alaia azken finean.
Gazte asko zegoen tabernetako terrazetan, lasai antzean baina noizean behin kantuan eta Athleticen aldeko oihuak eginez. Futbolzaleak ez direnak ere bai: «Hobe horko horri galdetzen badiozu, nik futbolaz ez dakit ezer», erantzun du Athleticen tapauka lepoan daraman mutil batek, kazetariari muzin eginez. «Gaur egun berezia da», azaldu du Saray Merino bilbotarrak, «eta argi dago arduraz jokatu behar dugula eta murrizketa batzuk badaudela, baina disfrutatzeko eguna ere bada gaurkoa».
Haren ustez, Athleticek irabaziko du gaurkoan, eta bi aste barru egitekoa den beste finalean ere bai, «hori zailagoa izango den arren; amestea libre da». Partida etxean ikusiko du: «Aukeran, nahiago nukeen Poza kaleko tabernaren batean ikustea, baina etxean ikustea ere ez da plan txarra».
Eta gutxi izan badira ere, Realeko zaleak ere ibili dira Bilboko kaleetan, elastiko eta tapauka txuri-urdinak soinean. Julian Eizmendi eta beste hiru azpeitiar bost egun pasatzen ari dira Bilbon: «Gaztetan nik hemen ikasi nuen, Sarrikon, eta pandemiako murrizketak direla eta, plan hau aukeratu genuen».
Realaren elastiko eta ikurrak daramatzaten, eta horietako bat, oso berezia: «Athleticek kopa asko dauzka, eta guk bakarra, baina bufanda hau 1987koa da, Zaragozan (Espainia) irabazitako kopa hartakoa. Gaur bigarrena izan dadila!». Dioenez, Bilbon ez dute inolako arazorik izan: «Batzuek agurtu egiten gaituzte ikusten gaituztenean. Badirudi ez dela oso ohikoa hemen Realaren elastikoak ikustea». Pronostikoa eskatuta, Eizmendik ez du zalantzarik: «%50ean egongo da, baina nire iragarpena da 2-1 Realaren alde».
Bi taldeetako zaleak bildu dira taberna honetan. Realekoak dira gehienak, eta giroan nabari da hori. @berriapic.twitter.com/bqlCZL9xDn
— J. Ander De la Hoz (@delarregi) April 3, 2021
Andaluzian ere bada giroa. Hango zale zuri-gorri eta txuri-urdunek sortu dute giroa goizean zehar. Irudi bereziak ikusi ahal izan dira. Adibidez, Sevillako Oscar de Marcois Peñakoek ontzi bat alokatu, eta Guadalquivir ibaitik ibili dira, gabarra bat balitz bezala. Bidaiatxoa amaitu ostean, Athleticen hotelera ingurura joan dira, eta justu jokalari zuri-gorriak goizeko osteratxotik bueltatzen ari ziren momentua izan da. Orduan, zaleen animoak entzun ahal izan dituzte jokalariek. Realaren kasuan, tantaka bada ere zale txuri-urdinak inguratu dira Realaren hotelera, eta han irten dira, adibidez, espedizio txuri-urdinarekin dauden Roberto Lopez Ufarte eta Luis Arkonada zaleak agurtzera. Arratsaldean dute ordua txuri-urdinak erdigunean, eta ondoren Cartujara inguratuko dira. Izan ere, handik gertu du egoitza Realaren zale talde nagusia.
Animoso Sevillako athleticzaleak. Itsasontzira doaz. @berriapic.twitter.com/J64YSGlQUm
— Imanol Magro (@Imagreto) April 3, 2021