Zurrumurrua bazebilen, eta baieztatu egin da: Jesus Aresok Osasuna utzi du, eta Athleticen arituko da hemendik aurrera. Klub zuri-gorriak hamabi milioi euroko etete klausula ordaindu du, eta 2031ra arteko kontratua egin dio hegalekoari. Bihar aurkeztuko dute.
Aresori datorren urteko ekainean amaituko zitzaion kontratua Osasunarekin, baina ez ditu onartu klub gorritxoak kontratua berritzeko egin dizkion eskaintzak. Hala, Braulio Vazquezek, Osasunako kirol zuzendariak, onartu zuen ezusterik ezean udan irtengo zela. Azken egunetan ez da taldearekin entrenatu. Athleticen eta Atletico Madrilen eskaintzak zituen, eta azkenean Bilbora itzultzea erabaki du.
Izan ere, aurretik egona zen Lezaman: 52 partida jokatu zituen Athletic B-n. Osasunaren lehen taldearekin, berriz, 86 norgehiagoka jokatu ditu, eta gol bat sartu. «Lau urte zoragarri izan dira, eta ez dut sekula ahaztuko hemen bizi izan dudana. Getaferi sartu nion gola beti oroituko dut. Sadarreko hegala beti izango da berezia niretzat», adierazi du. «Eskertuta» doa: «Zaleei, taldekideei, klubari...».
Robert Navarrorekin batera, talde zuri-gorriak denboraldi honetarako fitxatu duen bigarren jokalaria da. Alvaro Djalori, berriz, baimena eman dio Qatarrera joateko. Ezusterik ezean, Al-Gharafa taldean jokatuko du datorren denboraldian, utzita, eta azken xehetasunak lotzera joan da.