Johanek eta Basquek irabazi dute Winter Series txapelketa

Final gogorra jokatu dute Goitiaren eta Lekerikaren aurka, eta 15-10, 14-15 eta 5-1 nagusitu dira. Barandikari eman diote jokalari onenaren saria.

Basque, Johan eta Barandika, gaur, Gernikan. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Basque, Johan eta Barandika, gaur, Gernikan. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Paulo Ostolaza.
2026ko otsailaren 15a
16:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Lapurdira eramango dituzte Winter Series txapelketaren bosgarren edizioko txapelak. Gernika-Lumoko (Bizkaia) Jai Alai frontoian jokatu dute finala gaur, eta Johan Sorozabal eta Thibaut Basque lapurtarrek 15-10, 14-15 eta 5-1 irabazi diete Alex Goitia eta Unai Lekerika bizkaitarrei. 

Johanek Xabi Barandikaren ordez jokatu du finala. Aurrelari gernikarrak ukondoan pilotakada bat jaso zuen urtarrilaren 26an jokatutako partidan, eta, sendatzeko hiruzpalau hilabete beharko dituen lesio larri bat dela medio, ezin izan du finala jokatu. Txapeldunak, ordea, oroitu dira hartaz podiumean; gerturatzeko keinua egin dio Basquek Barandikari, eta eurekin igo da kutxara. Barandikari eman diote txapelketako pilotari onenaren saria ere.

Lau pilotariak, lehian, gaur. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Lau pilotariak, lehian, gaur. ENDIKA PORTILLO / FOKU

Gaur ere, Winter Series txapelketako gainontzeko jardunaldietan bezala, leporaino bete da Jai Alai frontoia. Gehien animatu dutena herriko pilotaria izan da, Unai Lekerika. Hark sekulako partida jokatuta eskertu die babesa zaleei; defentsan ikusgarri aritu da, baina kosta egin zaio erasoan min egitea. Alex Goitiandia aurrelariak hartu ditu arriskuak, eta tanto ederrak egin ditu, baina baita huts mordoxka bat ere.

Finala gogorra izan da, eta horren erakusle izan da Basque bigarren jokuan 11-11 zihoazenean erretiratu behar izatea. Masaje emailearen hamar minutu pasatu eta gero itzuli da kantxara, eta, hirugarren jokoan ere jarraitzeko gai izan da. Une erabakigarrian hobeak izan dira Johan eta Basque.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.