Antonio Alonso. GBCko zuzendari teknikoa

«Jokalari bat edo beste bat ekarri, sosak agintzen du»

Taldeko 'arkitektoa' da. Hara eta hona ibiltzen da txostenak egiten, eta etxean dagoenean, bideoak ikusten. Bidaiatzea omen gogorrena, eta asmatzea politena.

MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Andoni Urbistondo.
Donostia
2011ko abuztuaren 11
00:00
Entzun
Antonio Alonso ez da berehalakoan konformatzen diren horietakoa (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 33 urte). Lagun Arok Sergi Vidalen aurkezpen ekitaldia egin ostean elkarizketatu du BERRIAk. «Fitxaketa ona, Antonio», esan diote kazetariek, eta «ea hala den», zuhur, berak. Saskibaloi talde profesional bateko barrunbeak kontatu ditu, den-dena ezin duela azaldu garbi adieraziz hasieratik.

Ikusi berri dugun jokalari baten aurkezpena dago zure, zuen lanaren atzean, baina zer lan egiten duzu zuk zehatz-mehatz?

Nire lana interesgarriak izan daitezkeen jokalariei jarraitzea da. Jokalari jakin baten bila ari bagara, jarraitu egiten diogu. Baina, normalean, interes zuzena ez daukagun jokalari askoren jarraipena egiten da. Ulertze aldera: aurreko udan Mohammed Kone fitxatuko genuenik ez genekien, baina haren inguruko txosten dezente egin ziren.

Nolakoa da zure egun arrunt bat?

Illunben edo kanpoan egon, ezberdina da. Bi modutara egiten dugu lana. Hainbat txapelketatako partidak ikusi, jokalarien txostenak egiteko, eta hemen gaudenean, ba, bideoak ikusi, gure artean hitz egin, egoera aztertu eta entrenatzailearekin batera erabakia hartu.

Zein txapelketa ikuskatzen dituzu?

Askotan joaten naiz Frantziako saskibaloi ligako partidak ikustera. Pauera normalean. Ordu eta erdira daukat autoan, eta halako hitzarmena Biarnoko taldearekin, ikuskatze lanak egin ahal izateko. Nazioarteko txapelketetara ere askotan joaten gara. 19, 18 edo 16 urtez azpikoak, etorkizun ona duten nazioarteko gazteen torneoak, Espainiako LEB ligako Burgos edo Palentziako partidak...

Behin toki horietan, zein da zure zeregina?

Jokalarien jarraipena egin, eta txosten osatua idatzi.

Zein alor jorratzen dituzu txosten horietan?

Ahal diren guztiak. Jokalariaren ezaugarrien ingurukoa, noski, baina baita korrika egiten iaioa den ere, baloia eramaten badakien edo ez, jauzia, timing-a, indarra, nola jarraitzen dion jokoari, entrenatzaileak ematen dizkion aginduak betetzen dituen edo ez...

Jokalari horrek ba al daki zu harmailetan zaudela?

Ez, inoiz ez. Ni partida ikustera koaderno batekin joan den beste ikusle arrunt bat naiz.

Etxetik urrun egun asko pasatzen al dituzu?

Bai, atzerrira joaten zarenean hiruzpalau egunetarako joaten zarelako, gutxienez. Bederatzi hilabeteko alaba bat daukat, Irene, eta gogorra da hura ikusi gabe egotea. Dena den, Baskoniako jendearekin batera-eta mugitzen gara, eta horrek samurrago egiten du bidaia.

Zerk bultzatzen zaitu lan gogor horretan jarraitzera?

Zuk egindako txosten bati esker taldeak jokalari hori fitxatzea lortu izanak eta jokalari horrek oso neurri ona emateak. Jimmy Baronek, adibidez.

Zenbat txosten egin ditzakezu urte batean?

Ufa! Ez dakit. Asko.

200 inguru? 300?

Gehiago, askoz gehiago. Ni partida bat ikustera joaten banaiz, bi edo hiru jokalariren xehetasun asko lor ditzaket, baina beste askoren xehetasun batzuk ere bai. Agian, lehentasuna du bi jokalari elkarren aurka zer moduz moldatzen diren jakiteak, eta horretan bakarrik jartzen dut arreta. Nazioarteko selekzioen arteko txapelketetan 10:00etan sar zaitezke pabiloira, eta 23:00etan irten, bospasei partida ikusi ostean. Pentsa zenbat datu har ditzakezun egun bakarrean, zenbat txosten egin.

Segurtasun kopia egina edukiko duzu ordenagailuan, ezta?

Bai, lasai, bat baino gehiago.

Nork hartzen du jokalari bat fitxatzeko edo ez fitxatzeko azken erabakia?

Normalean, entrenatzaileak. Nire txostena irakurtzen du, halako saskibaloi eztabaida batean sartzen zara, eta erabaki bat hartzen. Erabakia hartzen den unean, azken langa iristen da: dirua. Normalean horrek erabakitzen du jokalari bat edo beste fitxatu, agian zure nahia eta gaitasun ekonomikoa ez datozelako bat.

Jokalariak kontratatzeko orduan haien agente edo agentziekin negoziatzen duzue. Zer moduzko harremana duzue horiekin? Zintzoa?

Normalean, bai. Bion arteko harremana ez da egun edo aste batekoa izango, denbora luzekoa baizik. Hala den neurrian, bata besteari ziria sartzen saiatzen bada, harreman horrek nekez egingo du aurrera. Behin engainatuko naute, edo nik haiek ere bai noizbait, baina ezin da horrela lan egin. Ez dute esaten den bezain fama txarra. Harremana ona da.

Bi aste eskas falta dira denboraldi-aurrea hasteko, eta bost jokalari fitxatu behar dituzue oraindik. Arduratuta?

Oraingoz ez, baina egia da abuztuaren 22rako 11 jokalariko taldea lotuta eduki beharko genukeela. Taldea guztiz osatu gabe lanean hasteak kalte handia ekar dezake.

Uda ezberdina izan da taldean, entrenatzaile aldaketa izan delako.

Bai, eta horrek are gehiago atzeratu du dena. Nik ezin dut jokalari bat edo beste bat ekarri. Erabaki, entrenatzaileak erabakitzen du, eta hiru aste eskas dira Sito Alonso etorri zela. Taldeen osaketaren inguruko arauak orain dela hamar egun onartu dira, eta NBAko lock-out-ak ere are gehiago nahastu du egoera. Talde aberatsek erabakitzen dute aurrena, haiek ordaintzen dutelako gehien, eta ondoren besteok haiek utzitakoaren artean aukeratzen dugu. Europako Saskibaloi Txapelketa ere abuztuaren 31n hasiko da, baina horrek talde handiei eragingo die, guri baino gehiago. Taldean txapelketa hori jokatuko ez duten jokalariak edukitzea mesedegarria da.

Zein izan da fitxatu nahi izan eta fitxatu ezin izan duzun jokalari bat?

Ezin dut esan.

Donostiara etortzeko moduan egon zen jokalari onen bat esateko modurik bai?

Dusko Savanovic, baina aspaldi.

Zein jokalari fitxatuko zenuke, dirua barra-barra edukiz gero?

Juan Carlos Navarro.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.