Futbola

Jokalariak dira gakoa, ez Valverde

Athleticen krisiaren abiapuntua sasoiaurrean jarri behar da, Ander Cotorro analistaren ustez. Hein batean lesioek eraginda, jokalari asko ez dabiltza behar bezain ondo, eta horrek talde osoari eragiten dio. Dena den, baikorra da.

Athleticeko jokalariak, burumakur, Bartzelonaren aurka galdu eta gero. KAI FORSTERLING / EFE
Athleticeko jokalariak, burumakur, Bartzelonaren aurka galdu eta gero. KAI FORSTERLING / EFE
jon eskudero
2026ko urtarrilaren 16a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Denboraldi hasierako aurreikuspenak tokitan geratzen ari zaizkio Athletici. Ustez inoizko talderik onena osatu zuen klubak 2025-2026 sasoiari aurre egiteko, baina errealitateak bestelakoa dio. Zenbakiek ez diote gezurrik. Gorriak eta bi ikusita lortu zuten zuri-gorriek joan den asteartean Espainiako Kopako final-laurdenetarako sailkatzea. Luzapenean gainditu zuten Cultural Leonesa: 3-4. Partida amaieran irribarrea agerikoa zen jokalarien artean, eta akaso emaitza askoren lasaigarri izango zen; baina jokoa, ez. Ernesto Valverdek badu aski buruhauste. Kopan aurrera egin arren, Espainiako Ligak eman ohi du eguneroko ogia, eta Athleticek zenbaki eskasak ditu sasoi erdia igaro ondoren. Jokoan izandako 57 puntuetatik soilik hogeita lau bildu ditu, iragan sasoian baino hamabi gutxiago. Hori gutxi ez, eta Txapeldunen Ligan ere zail ditu kontuak hurrengo fasera igarotzeko. Iparra galduta dabil taldea, gorabeheratsu, nortasunik gabe partida askotan, eta etsia hartzen hasiak dira jarraitzaile asko. 

Galdera bolo-bolo dabil Bilbon: zer gertatzen ari zaio Athletici? Erantzuna bilatu nahian, Ander Cotorroren atea jo du BERRIAk. Cotorrok analista lanak egiten ditu Barakaldon, Espainiako Federazioko Lehen Mailan, eta Athleticen jardunari ere oso gertutik erreparatzen dio. Bada, uste du denboraldiaurrean dagoela Athleticen «krisiaren» abiapuntua. «Gauza asko gertatu ziren uda partean, eta oso mingarria izan zen Yerayk positibo eman izana. Gainera, hainbat jokalari min hartuta ibili ziren. Beñat Pradosek eta Unai Egiluzek lotailu gurutzatua haustea izan zen okerrena. Gauza horiek guztiek hankaz gora jarri zuten zuzendaritzaren planifikazioa, eta sasoiari zalantza askorekin ekin zion taldeak». 

Ligako lehen hiru partidak irabazi egin zituzten zuri-gorriek, baina jokoak ez zuen inor asebete. «Ikusten zen taldea ez zegoela ongi. Lesioak direla eta, azken orduko hainbat erabaki hartu zituen klubak. Aymeric Laporte fitxatzea, adibidez. Baina taldera egokitzeko denborarik ez zuen izan atzelariak, eta gauza bera esan daiteke Alejandro Regoren inguruan. Goizetik gauera, gaztea behartuta egon da partida garrantzitsuetan ongi erantzutera, Lehen Mailari neurria hartzeko betarik gabe». Lehiaketak ez du barkatzen, eta hainbat jokalarik «behar baino gehiago» jokatu dute: Iñigo Ruiz de Galarretak eta Mikel Jauregizarrek, besteak beste. «Zelai erdiko bi jokalari horiek lanez gainezka dabiltza, denbora gehiegi jokatuz, eta fisikoki ez daude ongi. Eta, noski, zelai erdiak ez badu ongi erantzuten, akabo beste guztia». 

Lerro guztietan ditu arazoak Athleticek. Erasoari begira, datuak kezkagarriak dira. Ligari dagokionez, hamazazpi gol daramatzate zuri-gorriek. Iragan sasoian 29 gol zeramatzaten garai honetan. «Iñaki eta Nico Williams anaien ekarpena txikia ari da izaten, batez ere kapitainarena. Zer esanik ez Oihan Sancetena. Lesioekin arazoak izan dituzte, baina ez dago aitzakiarik. Talde guztiek dituzte min hartutako jokalariak, baina Athleticen gehiago igartzen da hori. Jokalari garrantzitsuak huts egiten ari dira. Maroan Sannadi ere min hartuta dago. Partida batzuetan Unai Gomezek jokatu behar izan du aurrelari moduan. Datu horrekin dena laburbiltzen da». 

Defentsari buruz ere gauza bera esan daiteke. Oso gutxi behar izaten dute aurkariek Athletici gola sartzeko. Unai Simon ez dabil fin atepean, eta atzeko lerroko jokalariak are gutxiago. «Dani Vivianen kasua da aipagarriena. Iragan sasoian hain ondo aritu ondoren, ez dakit zer gertatzen zaion». Cotorroren ustez, jokalari gehienak banaka aztertuta, oso modu eskasean ari dira, eta horrek taldeari orokorrean eragiten dio. «Multzo gisa, konfiantza falta du Athleticek, eta partidak bata bestearen jarraian dauzkanez, ez dauka tarterik arnasa lasai hartu, min hartutako jokalariak errekuperatu eta egoerari buelta ematen hasteko». 

Aste garbien premian

Egoeraren errudun Valverde jotzen dute hainbatek, baina begirada ez da aulkira zuzendu behar, Cotorrok dioenez. «Taktikoki, iragan sasoiko eskema berari eusten ari da Valverde. Eta taldeak partida onak jokatu ditu: PSGren aurka, adibidez. Ikusten da taldeak kalitatea baduela, baina jokalariek fisikoki erantzuten ez badute, alferrik da. Soluzioa ez da piezak mugitzea eta taktika aldatzea, jokalariek egonkortasuna lortzea baizik». Kontua ez da entrenatzailez aldatzea. «Valverde da egon daitekeen entrenatzailerik onena. Ez diogu behar adinako balioa ematen haren lanari». 

Cotorro baikorra da denboraldiaren bigarren zatiari begira. «Krisi honi buelta ematen has daiteke taldea Txapeldunen Ligatik kanporatzen denean. Eta hori laster gertatzeko arrisku handia dago. Aste garbiak behar ditu Athleticek, partidarik gabekoak. Fitxaketek ere ez dute behar adina denbora izan taldearen jokatzeko era ezagutzeko, eta hainbeste partida jokatu beharrak ez du laguntzen». Otsailetik aurrera Athletic lehengora itzultzen hasiko da, Cotorroren arabera. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.