Jon Begiristainek gaur eman du lehen prentsaurrekoa datorren denboraldian Bera Bera entrenatuko duela jakin zenetik. Donostiako klubak atzo jakinarazi zuen Begiristainek ordezkatuko duela Imanol Alvarez. Azken horrek erabaki du denboraldi amaieran Bera Beraren lehen taldea uztea, klubean gazteekin lan egiteko asmoz. Alvarezek bederatzi sasoi egin ditu klubean, eta, haren esanetara, taldeak hamazazpi titulu irabazi ditu.
Lehenik, Tati Garmendia Bera Berako kirol zuzendariak azaldu du zergatik egin duten Begiristainen alde. «Jarraipenerako aukera baten alde egin dugu. Jonek bi denboraldi eta erdi daramatza Imanolen laguntzaile lanetan, eta oso ondo daki du nola egiten den lana klubean eta taldean. Horrez gain, taldeak azkenaldian lortu dituen arrakasten parte izan da. Aukerarik onena da. Imanolek ere hori uste du. Jon oso inplikatuta dago, eta guk hori nahi dugu, klubeko norbait».
Begiristain, berriz, «esker oneko» azaldu da, eta aitortu du ez zuela espero horrelakorik, uste baitzuen Alvarezek beste urtebetez jarraituko zuela. «Baina ilusio handiz heldu diot erronka handi honi. Entrenatzaile gisa hazi egin naizela erakutsi nahi dut. Onenengandik ikasi dut, Tatirengandik eta Imanolengandik. Bera Bera oso klub handia da, eta asko eskatuko didate, baina gogor egingo dut lan, eta barruan dudan guztia emango dut. Seguru nago lan horri esker emaitza onak lortuko ditugula».