Jon Jaunarenak 22-20 irabazi dio Alvaro Untoriari 2. Mailako finalean, eta heldu den urtean Lehen Mailakoa jokatzeko eskubidea lortu du. Partida estua jokatu dute Iruñeko Labrit pilotalekuan, entretenigarria. Joko klasikoa egin dute, eta txapelduna ia partida guztian joan den arren, Untoriak ez du amore eman. Jaunarena 7-0 aurreratu da lehenbizi, baina Untoriak tartea jan (9-7) eta partida berdintzea lortu du (11-11). Hiru berdinketa egon dira gero, 14nakora arte, Jaunarenak, sakeari esker, berriz ere aldea ireki aurretik (21-17). Untoria gerturatu da (21-20), baina alferrikako ahalegina izan da.
Jaunarenak urte bikaina egin du, 2. Mailako hiru txapelak irabazi baititu: binakakoa Ceciliorekin, buruz burukoa Ezkurdiaren aurka, eta azkenik, gaurkoa.