Jon Magunazelaia (Eibar, Gipuzkoa, 2001) ezin hobeto itzuli zen astelehenean Eibarren hamaikakora. Andorraren aurka txartel gorria ikusi, Granadaren kontrako partida galdu, eta hasieratik aritu zen berriro Celta Fortunaren aurka, Balaidosen. Bederatzi minutu baino ez zituen behar izan gola sartzeko. Eskuinez baloia gogor jota sartu zuen 0-1ekoa: «Birritan pentsatu gabe jaurti nuen, eta barrura sartu zen».
Golak gozatu egin zuen Magunazelaiaren itzulera, eta Eibarren bolada ona luzatzeko ere balio izan zuen. Lehen jardunaldian Teneriferen aurka galdu zuenetik, lau partida jokatu, eta laurak irabazi ditu Jokin Aranbarrik zuzentzen duen taldeak. Hamabi puntu ditu hamabostetik, bigarren dago, eta lau jardunaldi daramatza golik jaso gabe. Castello baino ez du aurretik, hamahirurekin.
Urrun geratu da Teneriferen aurkako lehen kolpea. Magunazelaiak partida «arraroa» izan zela dio, baina hutsak antzemateko eta zuzentzeko balio izan ziela. Valladoliden aurka etorri zen lehen erantzuna: jokalari bat gutxiagorekin irabazi zuten, sufrituta. Gero iritsi dira Andorraren, Granadaren eta Celtaren aurkako garaipenak. «Horiei esker, taldea sendotuz joan da, eta konfiantza handiagoa dugu. Badakigu zer egin behar dugun, eta indartsuak garela sentitzen dugu».
Magunazelaia ere denboraldi hasiera ona egiten ari da. Aurreko denboraldia itzuli zen Eibarrera, eta 37 partida jokatu zituen. Neurketa horietan hiru gol sartu eta gola sartzeko lau pase eman zizkien taldekideei. Sasoi honetan, lehen bost jardunaldietan, gol bat sartu eta beste horrenbeste gola sartzeko pase eman ditu. Kopuruei erreparatuta, ez dio helburu zehatzik jarri nahi bere buruari, baina aurreko denboraldiko zenbakiak hobetu nahi dut. Aranbarrik areara gehiago iristea eskatzen dio.
Aranbarriren Eibar
Denboraldi berriak aldaketa garrantzitsu bat ere ekarri du aulkian. Beñat San Josek kontratua berritu aurretik, jokalariek bazekiten irteteko aukera zuela; behin berrituta, ordea, uste zuten taldean jarraituko zuela. Handik gutxira, ordea, Rayo Vallecanoren eskaintza onartu zuen. Ezustean harrapatu zituen. «Behin berrituta, jarraitu egingo zuela pentsatuta joan ginen oporretara».
Aranbarrik hartu zuen lekukoa, baina entrenatzaile aldaketak ez du hausturarik ekarri. Magunazelaiak antzekotasunak ikusten ditu haren eta San Joseren artean. Aranbarriren eskutik datu onak biltzen ari da Eibar erasoan eta defentsan: hamar gol sartu ditu—batez beste bi partidako—, eta, aipatu bezala, azken lau partidetan aurkariek ez dute haren atea zulatzea lortu. Erasoan, gainera, zazpi jokalarik sartu dute dagoeneko golen bat. «Edozein da gola sartzeko gai. Aurrelariek sartu behar dituztela esaten da beti, baina gure kasuan denok gaude konektatuta».
Hasiera onak badu aurreko denboraldiarekin lotura. Eibarrek gorabehera handiak izan zituen sasoiaren lehen zatian, eta bereziki etxetik kanpo egin zuen huts. Gero, bigarren itzulian 43 puntu bildu zituen, eta igotzeko kanporaketetan sartzeko aukerekin iritsi zen azken txanpara; berandu, ordea. Magunazelaiak uste du orduan bizitakoa baliagarri izaten ari zaiela orain. «Huts asko egin genituen, eta partidak galdu genituen hori dela eta. Aurreko denboraldiak asko irakatsi zigun, eta horri etekina ateratzen ari gara orain».
«Huts asko egin genituen aurreko denboraldiaren lehen zatian. Horrek asko irakatsi zigun, eta horri etekina ateratzen ari gara orain»
JON MAGUNAZELAIA Eibar taldeko jokalaria
Horrek guztiak goiko postuetara eraman du Eibar. Bost jardunaldi baino ez dituzte jokatu, eta Magunazelaiak ondo daki Bigarren Mailan boladak azkar aldatzen direla. Eskarmentu handiko jokalariak dituzte aldagelan, eta mezua garbi daukate: partidaz partida joatea. Argi dute ere lehen langa: 50 puntu lortzea. Hortik aurrera ikusiko dute noraino irits daitezkeen. Horrek ez dio, ordea, konfiantza kentzen. «Gai gara goiko postuetan mantentzeko. Talde oso ona dugu, jokalari onak postu bakoitzean, eta edozeini irabazteko prestatuta gaude».
Etxean, berriro
Herrikoa izanda Magunazelaiarentzat berezia da Eibarren jokatzea. Klubeko harrobian hasi zen, Realera joan zen gero, eta lehen taldearekin debuta egin zuen han. Kordoban utzita denboraldi bat egin ondoren, aurreko sasoian itzuli zen jaioterrira. Kanpoan emandako urteek etxean zuena gehiago baloratzen lagundu diotela dio: familia eta lagunak gertu izatea, herrian bizitzea eta txikitatik bere taldea izan den horretan jokatzea. Umea zenetik da Eibarreko bazkide. «Lehen ere sentitzen nuen Eibar, baina, orain, emozio handiagoz bizi ditut partidak».
Herrian ere aldaketa sumatu du urteotan. Eibarrek Lehen Mailan jokatu zuenetik, taldearen gero eta zale gehiago ikusten ditu inguruan, baita lehen Athleticen edo Realaren zale ziren herritarren artean ere. Elastiko gehiago ikusten ditu kalean, eta Ipuruako harmailetan ere bera txikia zenean baino jende gehiago biltzen dela dio.
Hazkunde horren beste erakusgarri bat da Areitio Kirol Hiri berria —gaur inauguratuko dute—. Magunazelaia Unben entrenatzen zen harrobiko jokalaria zenean, eta Zubietako instalazioak ere ezagutu ditu Realean. Horregatik, Areition egindako urratsa nabarmendu du: «puntako instalazioak» direla uste du, eta, batez ere, harrobiko jokalariei «baldintza hobeak» eskainiko dizkietela. Eibarrek zelaian gora begiratzen duen bitartean, klubak ere etorkizunerako oinarriak sendotzen jarraitzen du.
Iaz etxera itzuli zen; aurten, berriz, beste urrats bat egin nahi du bertan. Denboraldia hasi besterik ez da egin, baina lehen bost jardunaldiek irudi polita utzi dute: Eibar goian da, eta txikitan Ipuruako harmailetatik taldeari begira zegoen Magunazelaia zelaian ari da orain bere bidea egiten. Bihar Eldenseren zelaian jokatuko du Aranbarrik zuzentzen duen taldeak.