Golfa

Jon Rahmek irabazi egin du AEBetako Irekia

Duela aste batzuk Memorialetik erretiratu egin behar izan zuen, COVID-19arekin kutsatu zelako, baina gogor bueltatu da orain Barrikako golf jokalaria.

Jon Rahm, atzo, txapelketa irabazi ostean. EFE
ainara arratibel gascon
2021eko ekainaren 21a
08:27
Entzun

Jon Rahmek irabazi du AEBetako irekia, golfeko torneorik handienetakoa. Garaipena eman dion kolpea eta gero, pozik, kabitu ezinda zegoen. Makila eta eskumuturra gora igoz ospatu du. Ez zen erraza kolpea, jaitsieran baitzen. Garaipenak, gainera, beste sari bat du. Izan ere, Rahm lehen postuan jarri da berriro ere munduko zerrendan. Emaztea, semea eta gurasoak han zituen, eta haiekin ospatu du garaipena. «Duela bi aste COVIDarekin geratutakoa eta gero, baikor izan nintzen. Ziur nengoen torneo honetara iritsi eta gauza handiak egingo nituela».

Barrikakoak leku berezi batean irabazi du: Torrey Pines zelaian, bere lehen torneo profesionala irabazi zuen zelaian. Gainera, bost urte betetzen ziren profesionaletan hasi zela. Meritu bikoitza du garaipenak: kontuan izan behar da Rahm justu iritsi zela torneora, COVID-19agatik bi aste zeramatzalako lehiatu gabe, eta itxialdian. Gakoa hamazazpigarren zuloan egon da, zeinetan birdie-rako putt batekin lehen postuan jarri den. Azkenean, 67 kolpeko txartela osatu du, joko maila izugarria erakutsita.

Rahm baikor zen azken egunari begira, eta aukerak zituela adierazi zuen bezperan. Baita aurreikuspenak bete ere. Bikain hasi da lehen zuloetan, eta hor egon da gakoa. Artean, torneo handi batean lortu ez zuena lortu du: birdie bikoitz batekin hastea. Zulo bakoitzeko hasierako kolpeak oso onak izan dira, eta, hala, pixkanaka goiko postuetan finkatu da. Golf jokalari guztiak martxan zirela, Rahm bigarren zen, Oosthuizenengandik kolpe batera.

Dena oso irekia zegoen. Azken saioak ordubete pasatxo zeramala, hamar golf jokalari zeuden kolpe bateko aldearekin. Guztiak txapelketa handiak irabazitakoak. Torneoaren azken egunak ezin zuen ederragoa izan. Baina lehia horretan, bik eutsi diote: Rahmek eta Oosthizenek. Pazientziaz eta kolpe izugarriak jota, atzean utzi dituzte aurkariak. Hamahirugarren eta hamalaugarren zuloak ondoren etorriko zenaren adierazgarri izan dira.

Hamazazpigarren zuloan jarri da lehen postuan Rahm, putt bizkor batekin pilota zuloaren erdi-erditik sartuta, garbi. Oosthizenek ezin zuen huts egin. Baina ez da hala izan: garaipena eta loria Rahmenak ziren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.