Dortmundetik (Alemania) iritsi berritan eman du albistea Jon Uriarte Athleticeko presidenteak, Loiuko (Bizkaia) aireportuan bertan. Berriro aurkeztuko da hauteskundeetara talde zuri-gorriko lehendakari izateko. Hori orain zergatik esan duen galdetuta, Uriartek azaldu du «horren urte intentsoan arreta osoa kirol arloak bereganatzea» nahi duela.
Oraindik ez dago zehaztuta noiz egingo dituzten hauteskundeak, baina baliteke denboraldi amaieran egitea. Uriartek, baina, eman du lehen pausoa: bere burua aurkeztuko du beste lau urtez Athleticeko presidente izateko.
Uriartek hiru urte pasatxo darama Athleticeko presidente karguan, 2022ko ekainaren 24tik. Aitor Elizegi ordezkatu zuen, hauteskundeak irabazita. Beste bi hautagairi nagusitu zitzaien: Iñaki Aretxabaletari eta Rikardo Barkalari. Uriartek klubeko bazkide konpromisarioen %46,78ren babesa lortu zuen bozetan. Aretxabaletak, berriz, %33,91rena lortu zuen, eta, Barkalak, %18,11rena.