«Etsigarria eta sufrimenduz betea». Halakoxea izan da Athleticen denboraldia, Jon Uriarte presidentearen hitzetan. Aurreikuspenak bestelakoak ziren arren, euren mailatik «oso urrun» jardun dira gizonezkoen zein emakumezkoen lehen taldeak, eta autokritika zorrotza egin du klubaren gidari nagusiak. Uriarterekin batera, Mikel Gonzalez futbol zuzendariak hitz egin du prentsaurrekoan, amaitu berri den sasoiari balorazioa egiteko. Aho bizarrik gabe mintzatu dira biak. Uriarte: «Sentsazioa dugu oso txarra izan dela denboraldia, benetan irregularra. Gizonezko zein emakumezkoen kasuan, aurretik geneukan inertzia positiboa galdu dugu, eta atzerapauso moduan jotzen dugu egindako lana. Aurrera begira jartzea tokatzen da, eta baikorrak gara». Gizonezkoetan, Edin Terzic izango da entrenatzaile berria. «Benetan pertsona egokia izango da taldea gidatzeko». Emakumezkoetan, berriz, ez dute argitu Javi Lergak jarraituko ote duen taldea zuzentzen.
Gizonezkoen taldeari dagokionez, mahai gainean jarritako helburuetatik urrun geratu dela aitortu du Uriartek. «Ligako bosgarren aurrekonturik handiena dugu, eta 12. postuan sailkatu gara. Izugarri sufritu dugu, eta esperotako mailatik oso behera ibili gara. Dinamika negatibo batean murgilduta jardun gara, gurpil horretatik ihes egin ezinda. Berriz ere Europarako sailkatzea zen helburua, baina ez gara horretara hurbildu ere egin». Lan duina, soilik Txapeldunen Ligan egin dutela adierazi du presidenteak. «Partida onak jokatu ditugu Europan; esaterako, PSG txapeldunaren aurka golik jaso ez duen talde bakarra gu izan gara. Dena den, horrek ezin du estali gainerako guztia. Espainiako Superkopako finalerdietan jasotako astindua handia izan zen, Bartzelonak 5-0 irabazi baitzigun». Espainiako Kopan jasotako kolpea ere gogoratu du Uriartek. «Finalerdietan kanporatu ginen Realaren kontra, eta aho zapore txarra geratu zitzaigun lehiatu ere egin ez genuelako».
Halako beherakadaren atzean hainbat arrazoi egon daitezke, eta horiek arrazoitzen ahalegindu da Gonzalez. «Batez ere, lesioak izan ditugu etsai: Beñat Prados, Nico Williams, Alex Berenguer… Jokalari garrantzitsu asko falta izan zaizkigu denbora luzean. Yeray Alvarezi jarritako zigorrak ere min egin zigun». Arlo fisikoa jarri du mahai gainean futbol zuzendariak. «Egutegi kargatua eduki dugu, partida askokoa, baina hori ezin daiteke aitzakia izan. Fisikoki beste talde gehienak baino datu okerragoak eman ditugu. Abiadura motelagoan egin ditugu lasterraldiak». Baloi geldian edukitako sormen falta ere aipatu du Gonzalezek. «Hainbat korner eta falta atera ditugu, eta ia ez dugu golik egin era horretan”. Hots, taldeko jokalari onenen maila eskasa aipatu du, izen eta abizen: Oihan Sancet, Iñaki Williams, Dani Vivian… «Jokalari horien zenbakiak txarra izan dira. Athleticen merkatuko balioa %40an jaitsi da; horrekin dena diot».
«Ligako bosgarren aurrekonturik handiena dugu, eta 12. postuan sailkatu gara. Izugarri sufritu dugu, eta esperotako mailatik oso behera ibili gara»
JON URIARTE Athleticeko presidentea
Gonzalezen esanetan, bi areatan aritu da eskas taldea: erasoan eta defentsan. «Erasoari dagokionez, iragan sasoian baino 11 gol gutxiago egin ditugu. Sortutako gol aukeretan ez dugu aparteko beherakadarik sumatu, baina erremateak eta kalitatea falta izan zaizkigu». Are kezkagarriagoa izan da defentsan egindako lana. «Aurreko denboraldiarekin alderatuta, bikoiztu egin zaigu jasotako gol kopurua». Oro har, taldeari nortasuna falta izan zaiola aitortu du futbol zuzendariak. Ilusioa berreskuratu beharraz mintzatu da Uriarte. «San Mamesen giroa gaiztotu egin da hainbat partidatan, eta horri buelta eman behar diogu».
Bide horretan, entrenatzaile aldaketa izango da klubak jarriko duen lehen harria. «Umiltasunetik abiatuta, anbizioa berreskuratu behar dugu. Klubeko arduradunok autokritika egiten dugu, jokalariei ere gehiago eskatu behar zaie, eta uste dugu zeregin horretan pertsonarik egokiena izango dela Terzic». Sozialki, bat egiten omen du Athleticen balioekin. Uriarte: «Lehen egunetik sekulako konpromisoa erakutsi du gurekin, eta hainbat talde erraldoiri ezezkoa eman die. Dortmunden bere etxean izan ginen, gerora Madrilen ere bildu ginen, eta bihozkada positiboa izan dugu berarekin. Sinetsi egiten du gure proiektuan, eta hori oso garrantzitsua da».
«Egutegi beta eduki dugu, baina hori ezin daiteke aitzakia izan. Fisikoki beste talde gehienak baino datu okerragoak eman ditugu»
MIKEL GONZALEZ Athleticeko futbol zuzendaria
Zubieta eta Nevado
Gonzalezek esan du aspalditik ari dela lanean entrenatzaile alemaniarra. «Iruditzen zait bere ezaugarriek bat egingo dutela Athleticen jokoarekin. Hilabeteak daramatza lanean, gure jokalari denak ezagutzen ditu, utzita eduki ditugunak eta harrobiko gazteak ere bai, eta laster erabakiak hartzen hasiko da». Yurik jarraituko duen edo ez ikusteke dago. «Negoziatzen ari gara, baina baikorra naiz», adierazi du Uriartek. Aulkian ez ezik, beste arlo batzuetan ere egongo dira aldaketak. Esaterako, baloi geldia lantzeko laguntzaile bat ekarriko du Terzicek. Mediku zerbitzuan ere berritasunak egongo dira, lesio gutxiago izateko helburuarekin.
Uriarte ere ez dago konforme emakumezkoen taldean egindako lanarekin. «Talde gaztea izan arren, behetik goranzko bide batean gentozen, baina bere horretan geratu gara. Zazpigarren amaitu dugu liga, eta espero genuen hobeto ibiliko ginela. Diru asko inbertitzen ari gara, eta emaitzak ez dira nahi bezalakoak izan». Emaitzekin baino minduago agertu da presidentea Nerea Nevado eta Maite Zubietarekin, biek erabaki baitute Athletic uztea. «Apustu indartsua egiten ari gara emakumezkoen taldearen alde, eta porrot handia da bi jokalari galtzea. Harrobiko talentuari eusten saiatzen gara, baina bi kasu horietan ez dugu lortu. Lanean jarraituko dugu halakorik berriz gerta ez dadin». Lerga entrenatzailearen etorkizuna airean dago, bestalde. «Zerbait dakigunean publiko egingo dugu».