Denboraldiaren lehen erdia joan dela aitzakiatzat hartuta, Athleticen lehen bi taldeen kirol balorazioa egin dute gaur Jon Uriarte presidenteak eta Mikel Gonzalez kirol zuzendariak. Urak harrotuta daude aspaldian, eta tentsioa nabaritu da arduradunen artean. Uriarte oso kezkatuta dago gizonezkoen lehen taldearen egoerarekin: «Sasoi hasierako helburuetatik oso urrun gaude, eta errealitate berria onartzen hasi beste aukerarik ez dugu». Testuinguru horretan, helbura zera da: «Lehen Mailari eusteko behar diren 42 puntuak lehenbailehen lortzea». Emakumezkoen taldearen inguruan, berriz, hausnarketa positiboagoa egin du presidenteak. «Ligari oso gaizki ekin genion, baina ari gara pixkanaka gure onera etortzen, eta uste dugu hobera egiten jarraituko dugula».
Gonzalezen esanetan, kezkagarriagoa da gizonezkoen taldearen jarduna. Jokoan izandako azken 57 puntuetatik hamasei bildu dituzte zuri-gorriek, eta jaitsiera postuak soilik hiru puntura dituzte. «Egoera larria da, eta autokritika egiten dugu. Emaitzak ez ezik, jokoa ere txarra izaten ari da. Sendotasuna zen gure ezaugarri nagusia, eta konfiantza erabat galduta gabiltza». Defentsako lerroaren biguntasuna nabarmendu du kirol zuzendariak. «Iragan sasoian ligan gol gutxien jaso zuen taldea izan ginen: 29. Europako liga onenak kontuan hartuta, bost talde onenen artean geunden defentsako lanean». Horri gehituz gero erasoan ere zailtasunak dituztela golak sartzeko, ondorioa garbia da: «Sufritzen ari gara, batez ere mentalki. Sasoi hasieran inork ez zuen uste egoera honetan egongo ginenik».
Uriarteren hitzetan, zaleak eta jokalariak bat eginda egoteko garaia da. «Ulertzen dut zaleen haserrea, baina lanean, konfiantzan eta batasunean oinarritu behar dugu gure etorkizuna. Errespetatzen dut zaleen iritzia, baina txistuak jo ordez jokalariak animatzen baditugu, uste dut hobe izango dela». Hori bai, aitortu du dinamika aldatu beharra dagoela lehenbailehen. «Txapeldunen Ligan oso duin aritu gara, baina egia da behin kanpoan geratuta asko arinduko zaigula egutegia. Horrek lagunduko digu freskotasuna irabazten eta partidak beste energia batez jokatzen». Espainiako Superkopako finalerdietan Bartzelonaren aurka 5-0 galdu izana «tamalgarritzat» jo du presidenteak. Horregatik, ilusio apur bat pizteko, Espainiako Kopan gaur jokatuko duten kanporaketari eman dio garrantzia. «Ezinbestekoa da Valentziari irabaztea sasoi honetan ilusio apur bat izateko».
Babesa Nico Williamsi
Bai Uriartek eta bai Gonzalezek konfiantza osoa agertu dute Ernesto Valverderekin. Kritika ugari jasotzen ari da entrenatzailea, baina, haien ustez, bera da pertsona egokiena egoerari buelta emateko. «Ligako entrenatzaile onenetako bat da Valverde. Eskarmentu handia du, jokalariak ezin hobeki ezagutzen ditu, eta gure babes osoa dauka», adierazi du Uriartek. Hori bai, ez du argitu berriz ere presidente hautatuko balute Valverderen aldeko hautua egingo lukeen edo ez. «Ez naiz horretan pentsatzen jarri. Gaur egun pertsonarik egokiena da egoera hau iraultzeko. Baina Ernestok berak dioen moduan, emaitzek ekarri gaituzte hona, eta haiek eusten gaituzte. Hain zuzen ere, emaitzak lortu behar ditugu».
«Gaur egun Valverde pertsonarik egokiena da egoera hau iraultzeko. Eskarmentu handia du, jokalariak ezin hobeki ezagutzen ditu, eta gure babes osoa dauka»
JON URIARTE Athleticeko presidentea
Amaitzeko, aitzakiarik ez du jarri nahi izan Gonzalezek, baina aitortu du jokalari batzuek min hartuta daudela-eta kalbario hutsa bizi duela Athleticek. «Oraingo lesionatu kopurua azken zortzi urteetako batez besteko kopuru handiena da. Etsigarria izaten ari da egoera». Nico Williams babestu du kirol zuzendariak. «Min handiz jokatzen ari da, eta bere osasuna arriskuan jartzen Athleticengatik. Hori bai, akaso bi hilabetez geldirik egon beharko du orain».
Emakumezkoen taldeak, berriz, oso gaizki ekin zion denboraldiari. Lehen bederatzi partidetan sei berdinketa eta hiru porrot bildu zituen. Alarma gorria piztu zutela onartu du Uriartek. «Iragan sasoian laugarren postuan amaitu genuen liga, eta aurreikuspen onak genituen denboraldi honetarako. Gutxienez postu hori berdintzea zen xedea. Ligari hain gaizki ekitea ezustea izan zen». Gonzalezen esanetan, aldaketa gehitxo gertatu ziren udan. «Entrenatzaile berria ez ezik, jokalari asko ere berriak ziren, eta denei kosta zitzaien taldeari neurria hartzea. Ederki kosta zaigu, baina ematen du behetik gora goazela. Oso talde gaztea daukagu». Dena den, taldeak hobera egin du azkenaldian.